Elizondoko saihesbidea
herrira sartzeko zubirik gabe
inauguratuko dute ortziralean. Horrek izanen dituen ondorioak aztertzeko
Elizondoko Herriak eta Baztango udaletxeak batzarrea deitu zuten Elizondoko
Baztan Berri auzoan; ehun herritar inguru hurbildu ziren eta momentuz,
sahiesbidearen Baztan Berriren zatia ez
irekitzeko erabaki zen.
Ilunabarreko
20:00etarako elizondarrak eta Baztan Berri inguruko auzotarrak auzoko plazarat
hurbildu ziren, baita Elizondoko alkatea
Xabi Torres eta udaletxeko alkateordea
Mikel Ortega eta Florentino Goñi Herri lanetako zinegotzia ere. Xabik
azaldu zuenez sahiesbidea diseinatzeko tenorean esposizio publikoaz harago ez zen deus egin herritarren parte hartze
aktiboa bulkatzeko eta horrek, hainbat gabezi ekarri zituen, Elizondori
buruz: sarrerako zubia bigarren faserako uztea, Landetako bide zaharra hestea
lurrazpiko pausurik egin gabe, Mandoiturriko bidea ez zabaltzea eta Mandoiturri
eta haur eskolan asotsarendako soinu panelik ez paratzea.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuko herri-lanetako
kontseilaria Anai Astiz ortziralean sahiesbidea inauguratzerat etorriko da eta
herritarrak protestan joateko proposamena egin zen, sahiesbidea zubirik
gabe ez dela irekitzen ahal aldarrikatzeko.
Gainerakoan Mikel
Ortega eta Florentino Goñi udaletxeko ordezkariak, udaletxe berria sortuz
geroztik sahiesbideari buruz lana egiteko kaltetutako
herrietako alkateekin, gobernuko teknikariekin eta udaletxeko ordezkariekin
batzordea osatu zutela jakinarazi zuten. Aipatu zutenez sahiesbideko
ibilbidean barna gabeziak zerrendatzeko eta konpontzen saiatzeko hilabetero
elkartu dira. Halaber, zubiari buruz, Iparraldeko ur-konfederazioak hasierako
zubiaren proposamena gibelerat bota zuela erran zuten, baina ez zutela zubirik
egin ez zitekeenik erran; kontua da momentuan berean zuzendu beharrean orduko
agintariek gerorako uztea erabaki zutela. Denbora honetan Udalak Nafarroako
Gobernuarekin eta Uren konfederazioarekin bilerak egin ditu eta, gobernuko
herri-lanetatik aipatu dutenez zubia,
egitekotan, heldu den urtean eginen litzateke, nahiz hori berretsiko duen
idatzizko konpromisorik ez duten idatzi nahi izan.
Gainerakoan,
sahiesbidearen egitasmoaz gain, auzoko
trafikoa birrantolatzeko plana egitea adostu zuten. Horretarako 2009.
urtean Elizondoko Herriak egin zuen proposamena abiaraziko dute, ondoko
egunetan auzoko etxe atari guztietan plan berriaren proposamenaren kopia
paratuko dute. Baztango udalak ere, trafiko
batzordean parte hartzerat deitu zituen herritarrak.