Euskal Herrian Ezker
Abertzalearen ekimenez aldi politiko berria ireki bada ere, Estatuak eta haren
errepresio egiturek betikoan darraite. Horren azken adibidea Baztanen
apirilaren 13an eta 14an egin ziren herri mobilizazioetan Guardia Zibilak
paratutako salaketak ditugu. Horrela, Ernesto Prati apirilaren 14an,
larunbatean, Elizondoko plazan eskaini zitzaion ongi-etorriagatik 4 baztandar
salatu dituzte eta, ortziral horretan presoen alde egin zen
elkarretaratzearengatik bertze sei. Denera 10 herritar. Salaketaren ondorioz,
bakoitzak 300 eta 6000 euro artekoa izan daikeen isuna izanen du. Alta, oraingo
salaketei azkeneko urteetan Estatuak abiaturiko apostu errepresiboaren ondorioz
Baztanen pilatu diren isunak gehitu behar zaizkio, 20.000 euro inguru.
Errepresioak bere
horretan jarraitzen duela salatu nahi dugu: atxiloketak, epaiketa politikoak
eta sententzia bidegabeak begibistakoak dira eta denak horren jakitun gara;
baina horren ondoan errepresio ixilagoak ere jarraitzen du: salaketa eta
isunena hain zuzen. Salaketa eta isunekin jendea izutu eta desaktibatu nahi
dute, egoera ekonomiko jasan ezinetara eraman eta etsiarazi, desmobilizatu.
Horrela, ixilpeko errepresio horren salaketa publikoa egitea behar-beharrezkoa
da. Modu berean, errepresioa jokatzeko herritarren elkartasun aktiboa bulkatu
behar da, kasu honetan elkartasun ekonomikoa. Hala, elkartasun ekonomikoari
buruz instantean ekimena abiaraziko dugu eta herritarrek bertan parte hartzeko
aukera izanen dute.
Akitzeko nabaria da
arazo politiko, sozial eta ekonomikoak direla eta jendea gero eta gehiago
mugitzen ari dela. Horren aitzinean Gobernuaren aldetik Euskal Herrian garatu
duen salbuespen legeria arlo eta eremu desberdinetarat hedatzeko borondatea
agerian gelditu da. Herritarren arteko elkartasunak, konpromisoak eta
antolakuntzak bertzerik ez du ekinbide errepresibo berritua geldituko.
Elkartasuna antolatu!