HERRITARRAK SAIHESBIDEAREN INAUGURAZIOTIK BAZTERTUTA



Nafarroako Gobernuak gaur goizeko 11etan inauguratu behar zen Elizondoko saihesbiderat herritarrak sartzen ez uzteko agindu du azken momentuan, hortaz, Baztango udal ordezkariak – UPNekoak ez bertzerik- eta gonbidaturik zeuden herrietako alkateak inaugurazioa ekitalditik lekutu dira. Modu berean, Nafarroako Gobernuaren hausturaren ondorioz , PSNeko sustapen eta etxebizitza departamenduko kontseilaria den Anai Astiz ez da etorri.

Goizeko 11etako polizien presentzi handia zegoen inaugurazio ekitaldiaren inguruan Foruzainak eta Guardia Zibilak eta, horrela, Baztan Berri auzotik zubia eskatzeko protestan abiatuak ziren herritarrak geldiarazi dituzte. Horren berri jakiterakoan, ekitaldiaren gunean zeuden Baztango ordezkari desberdinak foruzainen agintariekin solastatzerat joan eta hauek Nafarroko Gobernuaren aginduak aipatu dituzte. Solasaldi gogor baten ondotik herritarrei ez zietela pasatzerat utziko erran eta Baztango udal ordezkariak – UPNekoak ez bertzerik-  eta Arraioz, Lekaroz, Elizondo eta Iruritako alkateak bertatik lekutu dira. Hala, Iruñeatik etorritako ordezkari desberdinek biltzeko inongo arazorik izan ez duten biztartean, Elizondoko herritarrei pausua debekatu zaie.
Gainerakoan, saihesbideari buruzko xehetasun teknikoen berri emateko txostena banatu dute. Azkenean ingurubideak 13.642.000 euroko aurrekontua izan du nahiz, obrak akituta zenbat kosta den oraino zehazki ez jakin.
Aipagarria da halaber, saihesbidea egiteko Oharrizen egindako harrobian lan-istripu larria izan zela eta horren ondorioz langile bat larri zauritu zela.
Bertzalde eta dagoeneko ezaguna den moduan ingurubidea Elizondorat sartzeko zubirik gabe egin eta inauguratu dute; horregatik Elizondoko Herriak batzarrean, zubia egin artio Baztan Berriko errepide-adarra ez irekitzeko erabakia hartu eta hori eskatu du. Nafarroako Gobernutik oraino ez dute argitu aipatu zubia noiz eginen duten. Modu berean, gauerdian Yolanda Barcinak Roberto Jimenez sozialista gobernutik kanporatu ondotik, Anai Astizek PSNeko sustapen eta etxebizitzako kontseilaria dimisioa eman eta ez da iragarri moduan saihesbidearen inaugurazio ekitaldirat etorri.