NORMALTASUNA HESI ARTEAN


Askapenak Baztanen antolatu duen aste internazionalistaren barnean “Normaltasuna hesi artean” izeneko solasaldia eskaini zuten Xabier Torresek eta Amaia Saldiasek. Hitzordua Erratzuko elkartean izan zen eta hogei lagun inguru hurbildu ziren. Proiektoreak zein musikak lagundurik, ordu eta erdiko kontakizuna eman zuten, beren testigantza argazkiekin, mapekin nahiz bideoekin osatuz.
Hitzaldiaren lehenengo zatian Palestinako historia azaldu zuten modu laburrean, baita “ekialde hurbila” bezalako kontzeptuak ere. Sionismoa edota gatazkaren jatorria gainetik aipaturik gaur egungo mugetarainoko ibilbidea azaldu zuten, Intifada ezberdinetatik zein Osloko akordioetatik pasatuz.

Hainbat grafikoekin zonaldeko garapen demografikoa azaldu zuten, Israelgo kolonialismoa agerian utziz. Koloniak hain zuzen ere, azpiegituren kudeaketa maltzurrarekin batera zein murruaren eraikuntza, uraren kudeaketa, okupazioa edota Jerusalemgo jabetza herri palestinarra itotzeko Israelek erabiltzen dituen tresnak direla aipatu zuten.
Hitzaldiaren bigarren zatian Amaia Saldiasek eta Xabier Torresek 2012ko apirilean Palestinara bertara egindako bidaia kontatu zuten beren argazkiekin lagundurik. Jerusalem, Deheishéh errefuxiatu kanpamentua eta Hebron izan ziren bisitatu zituzten lekuak, azken biak Zisjordanian direla.
Aski aberatsa eta interesgarria izan zen solasaldi guzia eta publikoak aktiboki hartu zuen parte hizlariei hainbat galdera eginez.