Ortziralean Nafarroako
Osasungintzako murrizketei buruz solastatatzeko bilkura egin zen Elizondon.
Bakartxo Ruiz BILDUko parlamentaria eta Asun Fernandez de Garaialde, Aralarko
Nabaiko parlamentaria egon ziren bertan eta, Nafarroako Gobernuak, arreta ereduan
proposatutako berrantolaketari buruz eskualdeko hautetsien, osasungintzako
langileen eta herritarren kezkak eta proposamenak jaso zituzten.
Bakartxo eta Asun
parlamentariek jakinarazi zutenez, Nafarroako Gobernua osasungintzan egiten ari
den murrizketen testuinguruan, orain arreta ereduan berrantolaketa egin nahi
dute. Horrela, aipatu berrantolaketa mozorrotutako murrizketa bertzerik ez dela
erran zuten, eta horren aitzinean, Elizondotik hasita, Nafarroan eskualdeka lau
bilkura egin nahi dituztela, osasungintzako profesionalekin, hautetsiekin eta
herritarrekin diagnostiko komun bat egin eta proposamenak jasotzeko.
Parlamentariek, azken urteetan Nafarroako osasun publikoa jasaten ari den
kaskartzea azpimarratu zuten. Aurrekontuetan osasun publikorat bideratutakoa
%12 jautsi du gobernuak, nahiz aldiro egiten ari diren aurrekontuen
beregokitzapenarekin xifra hori ere handituko den. Horren ondorioz, azken
urteetan 1.500 lanpostu galdu dira eta ospitalean ohatze guttiago daude. Alta,
osasun pribatuari ematen dizkioten laguntzetan, ia ez da aldaketarik egon.
Horregatik, Bakartxok eta Asunek Nafarroako UPNren gobernuak osasungintza
pribatua babesten duela salatu zuten.
Testuinguru horretan
gobernuak osasun arretaren berrantolaketa prestatzen ari dela erran zuten
Elizondorat etorritako parlamentariek eta, parlamentuko batzordean parte hartu
duten eragileek, parte hartzeko aukerarik eduki ez izana salatu dutela
jakinarazi zuten. Bilkurak egin bai, baina gobernuaren proposamena hetsirik
zegoela. Plan horrek osasun zerbitzu ahalik eta hoberena ematea helburu izan
beharrean, ikuspegi ekonomizista bertzerik ez duela salatu zuten. Gauzak
horrela, herritarrendako oinarrizko zerbitzuak, Oronoz-Mugairiko etengabeko
arretagunea adibidez kendu nahi dituztela erran zuten. Modu berean, Igantziko hautetsiak,
Bortzirietan Igantzin eta Arantzan adibidez larrialdiak izaten direlarik,
Lesakako osasun zerbitzua eskas gelditzen dela jakinarazi zuen. Baztango
alkateak bertzalde, eskualdeko ginekologia zerbitzuan itxaron zerrenda luzeak
daudela azpimarratu zuen, psikologoa hilabetan behin bertzerik ez dela heldu,
pediatria zerbitzua ere ezinean ibilki dela, eta ez dela ordezkapenik egiten…
Bertizaranako alkateak berriz, Doneztebeko osasungintzako profesionalen lan
baldintzak aunitz hondatzen ari direla erran zuen, eta horren ondorioz, hortik
lekutzeko arriskua dagoela beti, edo aldiro medikuak joan-etorrian
ibiltzearakoan, zaila dela mediku eta herritarren artean egon beharreko
konfiantza eta ezagutza sendoa sortzea.