Baztango
udalak atzoko osoko udalbatzarrean Aroztegiako banaketa-arearen
egiturazko aldaketa egiteko behin behineko onespena ematea erabaki zuen.
Aldaketa horren arabera, Aroztegiako jardun eremua modu honetara berrantolatuko
litzateke: bizitegi-area, (242 bizitzako eremua) kenduko litzateke eta,
aurrikusitako apartahotelak eta tertziarioko eraikinak hotelaren inguruan egin
beharko lirateke; hortaz, hotela eta golfa bere horretan mantenduko liratezke,
baina egin nahi zituzten etxeak ez dituzte egiten ahalko. Proposamenak Bilduren,
Ezkerraren eta NaBai2011ren aldeko 8 bozka izan zituen eta UPNren
aurkako 4, Begoña Sanzberro falta baitzen.
Aldaketa
egituratzailea proposatzeko tenorean udal gobernua osatzen duten taldeek
hainbat kontu arrazoitu zituzten:
Alde
batetik bizi dugun egoera sozioekonomikoak orain artioko bizitzen
planteamendua bideraezina egiten du eta, gainera etxeen kopurua ez dago inondik ere justifikatua. Bertzetik,
bizitzak egin nahi dituzten area baso-lurzorua da, sustatzaileek aurkeztutako planak ingurugiro inpaktu handia izanen luke eta aurkeztu duten plan partzialean ez dute ingurugiro
departamenduak agindutakoak nola beteko dituzten argitzen. Akitzeko lurralde
antolaketaren ikuspegitik bizitza-area berriak Baztan barnean desoreka handia sortuko luke, praktikan eta efektu guztietarako herri berria izanen
baitzen, Baztango bigarren herri handiena, hain zuzen.
Horrela,
orain atzoko erabakiak, ohiko prozedura administratiboa jarraituko du eta,
enpresak egoki ikusten dituen alegazioak egiteko aukera izanen du. Behin
betiko onarpena, hala ere, Nafarroako Gobernuak eman beharko du. Alta,
atzoko erabakia Lekarozko herriari aurkeztuko zaio haren gainean iritzia zein
den jakiteko.
Atzoko proposamena aurkezterakoan alkateak
erran zuen sustatzaileek
ez dituztela egitasmoaren garapenean administrazioaren epeak bete, eta horregatik, udalak aipatu aldaketa
egituratzailea kalteordainik ordaindu gabe egin dezakeela.