ETXERRIKO AFERA ETA AURREKONTUEN ALDAKETA UDALBATZARREAN


Baztango udaletxean herenegun egin zen osoko bilkuran, Gartzaingo Etxerriko edo Bentazarreako egitasmoaren ofiziozko berrikusketa egitea erabaki zen. Azken aitzineko udalbatzarrean berrikusketa proposamenaren aurka agertu ziren UPN eta Ezkerra, atzo, haatik, Bilduren, Ezkerraren eta NaBai2011ren aldeko 8 bozka izan zituen eta UPNren aurkako 4. Afera da Etxerri babestutako eraikina dela eta Principe de Vianak, etxea botatzea galerazten zuen hainbat txosten lotesle egin zituela. Hori dela eta, proiektua berrikusteko erabakia hartu eta Nafarroako Kontseilurat igorriko du udalak. Maite Iturre NaBai2011ko zinegotzia atzo falta zen Begoña Sanzberrori aitzineko udalbatzarrean errandakoengatik zuzendu zitzaion azken txostenen argitara Begoñak errandakoak ez zirela egiak aipatuz, eraikina katalogatua dagoelako eta Principe de Vianaren txostena loteslea delako eta etxea zaharberrituz ere lanpostuak sor daitezkeelako. Horrela, Nafarroako Kontseiluak ebazten duena gerorako oinarri gisa balioko du eta iduriko planak tramitatzeko zalantza guztiak argituko ditu.
Bertzalde, hereneguko udalbatzarrean ere aurrekontuetan hainbat aldaketa egitea onartu zen. Alde batetik, osoko bilkuran, ahobatez, udal arkitektu teknikoa kontratatzeko aldaketa onartu zuten, horretarako Nafarroako Enplegu zerbitzuaren laguntza izanen da.
Modu berean itzulpenak egiteko partida irekitzea ere ahobatez onartu zuten. Bertze aldaketa bat Eugi eta Baztanen arteko mugen inguruko azterketa eta Elizondoko Casino eraikinaren jabetzari buruzko azterketa egiteko izan zen. Kasu honetan aldekoak 8 izan ziren (Bildu, Ezkerra eta Nabai2011), UPNek berriz aurka bozkatu zuen. Afera da Esteribar eta Eugiko udalek Baztanekin dituzten mugak zalantzan paratu dituztela eta hori epaitegietan defendatzeko azterketa beharrezkoa izanen dela. Halaber, Casino elkartekoak, eraikina beren izenean eskrituratzeko intentzioa agertu dute, nahiz, irudiz, etxearen jabetza udalarena den; horrela, auzi horiek argitzeko udaletxeak azterketa horiek egitea beharrezkoa dela erabaki du. Denera 13.000 euro kostako dira, baina jokoan diren lurrek eta eraikinek aise gehiago balio dute.
Aurrekontuaren aldaketekin akitzeko hiltegiko heia arautegirat moldatzeko aldaketa ahobatez onartu zen.