Atzo agerraldi jendetsua izan zen bezperan Yolanda Barcinaren aitzinean egindako protestaren ondotik foruzainek jarritako salaketa gaitzesteko. Hitzez-hitz hau da irakurri zena:
Yolanda
Barcina Nafarroako presidentea atzo Elizondoko bestetarat etorri zen.
Bere presentzia zela eta bat bateko protesta izan zen. Protestan
ehundaka herritarren artean zeuden Xabier Ospitali eta Itziar Torresi
foruzainek salaketa paratu diete. Jarritako salaketarengatik gure
elkartasuna adierazi nahi diegu eta salaketa gogor gaitzetsi.
Yolanda
Barcina, Nafarroako presidentea den aldetik, Nafarroako Kutxaren
desagerpenaren arduraduna da, hezkuntzako murrizketena eta zerbitzu
publikoen mozketena; osasun pribatuarendako laguntzak mantentzen
dituzten bitartean, osasun publikoa hondatzearena; gobernuak
automatikoki onartzen dituen enplegu erregulazio espedienteena eta,
orain ere bai, Madrilek onartutako murrizketa berriak Nafarroan
aplikatzearena. Yolanda Barcina, argi eta garbi herritarrek jasaten
duten estualdiaren arduraduna da, eta ardura hori, joaten den tokirat
doala beregain hartu behar du, baita ardura horrek herritarren artean
sortzen duen haserre gero eta handiagoarena ere.
Elizondoko
protesta bat batekoa eta baketsua izan zen, eta horren erakusgarria
adin eta joera desberdinetako herritarrek parte hartu izana
bertan. Yolanda Barcina bere adiskideekin jarrera probokatzailean eta
harroan egon zen; herritarren kontrako gisa guztietako neurriak
hartzen dituzte eta gainera aurpegirat irri egiten dute poliziez
inguraturik egotea ematen dien prepotentziarekin. Normala denez,
duintasun minimoa duen edonork horren aitzinean protesta egiten du.
Guttieneko
kultura demokratikoa duten herrialde guztietan agintariek, eta batez
ere herritarren kontra neurri gogorrak hartzen dituzten agintariek
herritarren kritika zuzenean hartzeko prest egon beharko lukete;
baina Yolanda ez, Yolanda ukiezina da, “burnizko dama” berria. Ba
herria entzun beharko dute, joaten diren toki guztietan gainera.
Hemendik
protesta alde guztietarat hedatzeko deia egiten dugu, murrizketen
aurka eta murrizketen arduradunak diren politikari eta agintari
guztien aurka. Adierazpen askatasuna, protestaren kriminalizaziorik
ez.