BAZTANGO UDALAK LOIZU HILTEGIAREN HEIA BERRITZEKO LANAK HASI DITU

Loizu  udal hiltegia arautegirat moldatzeko Baztango udalak 36.000 euroko aurrekontua duen heiaren berritzea hasi du. Orain artioko heia pareten bidez banatua zegoen, hala, aitzinekoa urratu eta, ondotik, burdinezko kortxelen bidez banatua egonen dena eginen da. Modu berean, azienden atakak irekitzeko sistema aldatu eta langileendako pasarelak paratuko dira. Moldaketa horiekin alde batetik, albaiteroen lana erraztuko da; paretak zirela eta, orain artio aziendak hil aitzineko inspekzioa ez zutelako behar bezala egiten ahal. Bertzalde langileen lan baldintzak ere hobetuko dira, ataka sistema berriarekin eta pasarelarekin segurtasuna bermatuko baita. Berritutako heiak  animalien ongizateko sailaren eta lan-arriskuen prebentzio arautegiaren baldintzak beteko ditu.

Heia berritzeko lanak buruilaren 6an hasi ziren eta 21ean akituko dira. Hala, buruilaren 10etik 15a biztartean egin beharreko lanengatik hetsia egonen da.

Berritze lanetako obrak Baztango Arakan enpresak eginen ditu eta barneko azpiegitura eta hornigaien ezarpena berriz Etxe-Holtzek, nekazal-aroztegian espezializatutako enpresak hain zuzen. Obren egitea esleitu edo adjudikatzeko Baztango udala Baztanen zergak ordaintzen dituzten enpresa guztiengana zuzendu da; proposamenak egin zituzten guztien artean Arakanek eskaintzarik hoberena egin zuenez udalak enpresa horri eman dizkio lanak, 13.963,12  (BEZa aparte) euroren truke. Bertzalde, hiltegien azpiegituretan duten esperientziarengatik, arautegirat moldatutako burdinezko kortxelen egitea Etxe-Holtzi eman zaio; kasu honetan aurrekontua 14.960  (BEZik gabe) eurokoa da. Akitzeko, obren zuzendaritza Aierdi ingeniaritzaren eskuetan egonen da, udalak hiltegiaren gaietarako duen aholkularitzaren eskuetan hain zuzen.

Gainerakoan, Baztango udalak Loizu udal hiltegia arautegiaren eskakizunetarat moldatzeko orain artio guztira 17.000 eurora iristen diren gisa desberdinetako lanak egin ditu.  Hasteko azienden sarbidea hobetzeko alaka edo txaflana egin zen pareta batean. Modu berean heia berriaren proiektua eta bertzelako lanen proiektua idazteko udalak 1.500 euroan ingeniaria kontratatu zuen. Bertzalde ur-araztegian sarea jarri zen, horrela xoriek hiltegitik ateratzen diren haragi hondarrak ez ditzaten jan. Gainerakoan animalien tripetako kakak eta aziendak kamioietan eramaten direlarik ekartzen dituzten azpiak e.a. biltzeko ongarriendako lehorpea egin da. Halaber, aziendak hil aitzinean zorabiatzeko erabiltzen den ekipoa berritu da (2.500 euro) eta azienda ttikiak hiltzeko (zerriak, ardiak eta bildotsak) box edo ataka berezia egin da (3.000 euro).

Akitzeko joan den abuztuaren 15ean udal hiltegiaren etorkizunaz eztabaidatzeko egin zen fororat sektoreko hamabortz eragile etorri ziren; orain, eragile horiekin hiltegiarendako proiektu bat adosteko eta zehazteko aukera aztertuko da.