ELIZONDOKO IHAUTEETAN TORTURA PARODIATZEAGATIK ATZO EGIN ZEN EPAKIETA BERTAN BEHERA UTZI DUTE

Baztandik hurbildutako jendea epaitegi barnean 

Elizondoko lau gazte 2010eko ihauteetan torturen parodia egiteagatik epaitu zituzten atzo Iruñean. Parodiarekin ehunka Euskal Herritarrek tartean eskualdeko hamarnaka bizilagunek polizien aldetik jasan dituzten torturak salatu nahi izan zuten. Alta, epaiketa bertan behera gelditu zen fiskaltzak bukaerako ondorioetan kalifikazioa aldatu zuelako. Hasieran, kalumnia delituengatik 8 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen bukaeran irain gisa kalifikatu eta bakoitzarendako 5.400 euroko isuna eskatu zuen.  Defentsak indefentsioa eragin zitzaiola argudiatuta, bertan behera uzteko galdegin eta epaileak onartu zuen, hortaz, heldu den astean epaiketa berria eginen da. Atzoko epaiketan, akusaturik dauden lau gazteek erran zuten lotsagarria dela torturak salatzen dituztenak epaitzea eta torturatzaileak babestea. Defentsaren aldetik atxilotuak eta torturatuak izan diren Baztan eta Malerrekako hiru herritarren lekukotza izan ziren.  Lekukotza eman zuenetako batek erran zuen parodia ongi iruditu zitzaiola, bere egunean espainiako justiziak ez zituelako berak salatutako torturak ikertu eta tortura horiek fisikoki eta psikikoki ukiturik utzi zutelako eta, horregatik, beharrezkoa dela polizia indarrek egiten dituzten torturak salatzea.