GREBAK JARRAIPEN HANDIA IZAN DU BAZTANEN












Aitzineko egunetan grebarako giro hotza sumatzen bazen ere, azkenean Baztango herritarren babes handia izan du. Horren erakusgarria Elizondon eguneroko jarduera ia guztia gelditu dela izan daiteke edo eguerdiko 12etan BMtik atera den manifestaldi jendetsua, non 350 eta 400 lagun artean bildu diren. Ezin aipatu gabe utzi, halaber, manifesldiaren gibeletik Guardia Zibilaren sei patrol egon direla eta horietako gehienak manifestaldiaren aldeetan zeudela, irudi lotsagarria eskainiz. Goizeko lehen orduetan komertzio aunitz irekirik bazeuden ere, %50 inguru, eguerdirako gehienak hetsirik zeuden jarraipena %90 ingururat iritsiz.
Eskualdeko industria gehiena eta langile gehienak Bortzirietako poligonoetan daude eta horietan grebaren jarraipena %80 ingurukoa izan da Arcelor Mittal, Arcelo Mittal Protesic, Zalain, Funvera eta Savera hetsirik egon baitira. Baztanen hetsi dutenen artean Marmoles del Baztan, Harri Lan, La Baztanesa eta Giltxaurdi kirol instalazioak daude
Hezkuntza jarraipen handia izan du grebak: Urdazubi-Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskola ttipietan 48 langileetatik 40k greba eginen dute; Baztan ikastolak eta haur eskolak greba eginen dute eta zerbitzu minimoak bertzerik ez dituzte eman. Elizondoko lanbide eskolan ikasleek greba eginen dute eta irakasleetan, 20 irakasletik 17k. Lekarozko eskolan ikasle gehienek greba egin dute eta irakasleen %80k ere bai eta Franzisko Xabier eskolan 32 irakasletik 13. Bertzalde, Urdazubi-Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolek gaur ez dute asteazkenetan izaten dituzten tailerrik izanen.
Elizondoko Franzisko Joakin Iriarte zahar etxean langileek grebarekin bat egiteko txandaka ordu erdiko bi elkarretaratze egin dituzte egoitzaren kanpoko aldean. Horietako lehena 11etan. Modu berean, Baztango udaletxea gaur hetsia egon da.