BAZTANGO EZKER ABERTZALEAREN GREBAREN BALORAZIOA

IRAILAREN 26KO GREBA HERRITARREN KONPROMISOAREN ETA AUSARDIAREN ERAKUSGARRIA IZAN ZEN
Irailaren 26ko greba orokorraren harira, Baztango Ezker Abertzaleak lan uzte deialdiarekin bat egin duten langile, herritar, tailer, enpresa txiki eta saltoki guztiak zoriondu nahi ditu. Modu berean, eguerdiko manifestaldian eta eguneko gainerako mobilizazioetan parte hartu duten herritar eta langileei ere zorionak eman nahi dizkie; bereziki kontuan hartu behar da krisi garai honetan jendea beldurturik eta mugitu gabe kontzeko oligarkiak, elite politikoak eta komunikabide handiek egiten duten eginahala.
Horregatik, greban modu batean edo bertzean parte hartzea ekintza ausarta da eta balio ikaragarri handia du. Hasteko parte hartzen dugun guztiok, bakoitzak bere arazo zehatzetik elkar aitortzen dugulako: batzuk langabe daude, bertzeei salmentak ttipitu zaizkie, EREa aplikatu diote bati edo kontratu prekarioa du bertzeak; izan daiteke botikengatik ordaindu behar izatea edo inongo sarrerik gabe gelditu izana, edo soldata izoztua duen langile publikoa ere. Bakoitzak bere arazo zehatzetik lan uztean eta mobilizazioan bat egiten du; eta ekintza sinple baina sakon horretatik, klase dominatzaile baten menpean gaudela kontu ematen gara eta zutitzen garela. Bankuei eta krisiaren sortzaileei 100.000 milioi euro ematen dizkieten biztartean herritarrendako murrizketak eta gisa guztietako erreformak. Hala, elkar aitortza eta ezagutza horretatik eraikitzen da kontzientzia eta astiro-astiro denon lana da kontzientzia hori goratzea eta herritar gehiagok parte hartzea; zeren kontrakoa sinistarazi nahi badigute ere, oraingo egoerak alternatiba badu, historian beti gertatzen den bezala: Greziako bidea aukeratzen ahal dugu edo Islandiakoa. Eta, bai, hori gure erabakiekin eta konpromisoarekin erabakiko dugu. Horregatik, grebaren ondotik, herritar guztiak antolatzerat deitu nahi ditugu, azpi-azpitik herri boterea eta alternatiba eraikitzeko burujabetza ekonomikoa lortzeko. Modu berean garbi izan behar dugu orain artioko ereduak ez duela balio, hortaz, Aroztegiaren gisako iruzurgile eta banku ustelen proiektuekin ez goaz inorat ezta Erdizeko pastizal komunala hogei urtez zulo batean bihurtuko duten multinazionalen proiektuekin ere. Guzti horiek katakrak egin duen eredu honen iraganeko adibideak dira. Akitzeko, greba egunean izan zen polizia presentzia itogarria salatu nahi dugu, manifestazioaren tenorean adibidez, 6 patrol gibeletik eta oinez hamarnaka Guardia Zibil ibili baitziren. Beldurturik eta geldirik nahi gaituzte; baina haserreturik gaude, gero eta gehiago gara, antolaketa eta konpromiso gehiago falta zaizkigu baina alternatibak badaude. Zorionak eta lotu lanerat! 
Baztango Ezker Abertzalea