Geldialdi baten ondotik Metaziri aldizkariak udaren hasieran 17. alea argitaratu zuen. Ale berria berrikuntza batzuekin heldu da www.metaziriekoizpenak. blogspot.com sareko gunea ere abiatu baitute. Elkarrizketa honetan aldizkarikoekin azken aleaz lau solas egin ditugu. Informazio gehiago nahi izanez gero aipatu sareko gunean duzue.
Arranbela: Metaziri berriaren argitalpena denboran pixkat luzatu zaizue…
Metaziri: Bai, hala da. Oraingo ale hau 17. dugu eta orain urte eta erdi argitaratzeko asmoarekin hasi genuen. Azkenean afera bat eta bertze ekainaren hondarra artio gibelatu zaigu. Alta, aldizkariko testuetan denboraren iragateak ez du sobera eragin, nahiz akaso, denbora tarte hau pasatu ondotik gogoeta batzuk bertze zehaztapen bat eduki beharko luketen.
Arranbela: Eta, edukiei buruz zer aipatzen ahal duzue?
Metaziri: Ba, betiko gisan, Baztanen abian dauden prozesu herritar, politiko, ekonomikoak ulertu, problematizatu eta dagokionean laguntzeko egindako ahalegina dela. Horrela, ale honetan azpiraketa patriarkarrari eta mutil dantzei buruzko testua dago, militantziari buruzkoa, tokiko garapenari buruzkoa, parte hartzea… Ikusi daitekeenez kontu desberdinak eta gaurkotasun bizikoak. Testuak, aldiro bezala, jende desberdinek egiten dituzte.
Arranbela: Eta salmenta zertan da?
Metaziri: Betiko moduan. Baztango ohiko lekuetan aleak saltzerat jarri ditugu: Altxuko denda, Zubi Punta, Dolaetxea, Intza, Axular eta Kilikin. Ale bakoitza 3 euroan saltzen dugu, helburua gastuak kubritzea bertzerik ez da.
Arranbela: Ondoko alea noizko?
Metaziri: Gure helburua abendua alderako ateratzea litzateke eta helburu horrekin lanean ari gara. Ikusiko dugu azkenean zertan gelditzen den, gure eskuetan ez dauden kontu batzuk egoten baitira beti. Baina gauzak on bidean abenduan, gure hurbileko errealitatea eraldatzen laguntzeko prozesu kolektiboan bertze ekarpen bat egin beharko genuke.