NAFARROAKO GAZTE TXARTELA ETA BAZTANGO UDALA


Baztango udalak prentsa ohar baten bidez Nafarroako Gobernuak eskeintzen duen gazte txartelaren promozioan parte hartu ez izana azaldu du. Hauxe dio hitzez hitz:
Baztango hamalau eta hogeita hamar urte arteko gazteek, urtero bezala, Nafarroako Gobernuak ateratzen duen gazte txartela egiteko aukera dute. Nafarroako Gobernuak, Baztango Udalari txartelak eskaintzen dituen promozioetan parte hartzeko eskaintza egin zion, horrela, Udalak eskaintzen dituen ordaineko zerbitzuetan: igerilekua, museoak, eta musika eskola %5-10eko beherapena egiteko txartela duten gazteei.
Gastu hau Baztango Udalak bere gain hartu beharko luke. Baztango Udalak, herritarren egoera sozioekonomiaren arabera Udalaren eskaintza moldatzen saiatzen ari da, horrela, kasu batzuetan egoera ekonomiko txarrean dauden familietako kideei igerilekuko abonua doainik eskaini zaie edo musika eskolarako matrikuletan adibidez familia ugarikoei deskontua egiten zaie. Oroitarazi nahi dugu, baita ere, igerilekuan 14tik-17urte artekoei ere %25eko beherapena egiten zaiela tarifetan. Eskaera eta kasuaren arabera egiten dira deskontuak.
Baztango Udalaren aldetik gazte txartelari ikusten diogun gabezi handiena, oinarri gisa gazte
eredu abstraktu bat hartzen duela da, ez duela gazteen egoera sozioekonomikoa kontuan hartzen eta gainera adin tarte arras zabala dela ekitate printzipioak kontuan hartzeko. Horregatik, Baztango Udalak ez du Nafarroako Gobernuak proposatutako zerbitzuen beherapen-eskaintzan parte hartu. Horren partez, pertsona bakoitzaren egoera sozioekonomikoari egokitutako zerbitzuen ordainketa eskaintzen ahalegintzen ari gara, bidezkoagoa delako eta progresiboagoa.
Gauzak horrela eta egun hauetan aipatu direnak argitze aldera: Baztango gazteek gazte txartela betiko moduan egiten ahal dute eta Baztango Udalak, ez du gazte bat, ezta herritar bat ere, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen eskaintzatik kanpo utziko tarifak edo prezioak direla eta; justizia sozial, ekitate eta progresibotasun printzipioak kontuan hartuta ari gara eta arituko gara.