PRENTSA OHARRA BAZTANGO HERRI LIBURUTEGIA EGUBERRIETAN GOIZEZ BAKARRIK IREKITA EGOTEAREN ZERGATIA AZALDUZ
Baztango Herri Liburutegiko erabiltzaileendako oharra
igorri du Baztango udalak kultur sailetik. Hauxe dio
hitzez-hitz:
Ohar honen bidez jakinarazi nahi dizuegu abenduko
hondar egunetan eta urtarrila hasmentan liburutegia goizez bakarrik
egonen dela irekita. Baztango Udala eginahalean aritu da bertako langilea
falta delarik, ordezkapenak egin ahal izateko lan poltsa egin nahian, baina
Nafarroako Liburutegien Saretik ez dugu laguntzarik jaso. Izan ere,
komenigarria da jakitea, Nafarroako Liburutegietako langile guztiak Nafarroako
Gobernuaren eskutik daudela, ez udalaren eskutik, hortaz, beraiei dagokiei
liburuzainaren ordezkoa igortzea.
Liburuzaina ez dagoelarik (eri, oporretan…)
liburutegia ireki ahal izateko lan-poltsa egin nahi genuela adierazi genion
Nafarroako Gobernuko liburuzainen elkarteari, eta gai honetaz mintzatzeko
Nafarroako Gobernuko Liburutegi Sareko arduradunarekin mintzatu ginen.
Berak erran zigun, oporrak ordezkatzeko ardura Udalena zela, eta nahi
bagenuen Liburutegia ixtea gure esku zegoela, bertze tokietan hori egiten
zutela.
Liburutegia ixtea azken aukera zenez, lan-poltsa
egiteko asmoz berriz ere Nafarroako Gobernuko Liburutegien sareko
arduradunarekin mintzatu ginen 2011ko urte hondarrean, probak diseinatu eta
zuzentzeko teknikari bat igorriko ote ziguten galdetuz. Erantzuna baiezkoa izan
zen, baina azterketa eredua prestatzeko eta euskaratzeko astia behar zutela eta
2012an berriz deitzeko erran ziguten.
Euskaraz egiteagatik proben eguna gibelatu egin
beharko zela adieraztearekin bat, Udalak eginiko lan-poltsa horretan
proba gaindituko lukeenak ez lukeela liburutegia kudeatzeko baliabiderik izanen
erran ziguten (mailegu sistema, ordenagailuko klabeak…), ez baita Nafarroako
Gobernuaren eskutik ariko lanean. Beraz, eta aipatutako guztiarengatik,
Baztango udalak bere gain hartu du aurten ere liburuzainaren ordezkoa, baina
bizi dugun egoera zein den kontuan hartuz, egun erdiko ordezkapena eginen du
egun osokoa beharrean.
Idazki honen bidez, Nafarroako Gobernuaren jokaera
salatu nahi dugu, eta aldi berean Baztango Herri Liburutegiko erabiltzaile
zareten guztioi gure barkamenak eskatzen dizkizuegu.