SAHARATIK 2

"Herri bat inbaditua, isildua eta zentsuratua denean, beti interes batzuk daude horren gibelean. Izan daitezke politikoak, estrategikoak, ekonomikoak... Herri honek ordea, baldintza guztiak betetzen ditu Afrika guztiko azken herrialde kolonizatua izateko.
Denen gainera ordea, interes ekonomikoak gailentzen dira. Izan ere, aski aberatsak baitira hemengo lurretan aurkitzen diren mineralak, gasak, eta baita lurpean oraindik erabili ezin den petrolioa ere.
Marokoko gobernuak Mendebaldeko Saharan gastatzen dituen milioika eta milioika euroak (bai lotsaren harresia zaintzen duten milaka militarretan naiz bertako hiriak kolonizatu dituzten marokoarren azpiegitura guztietan...) ez lituzke jarriko ordainetan sari handiagorik jasoko ez balu.
Modu guztiko arrain erreserbarik handiena ere hemen aurkitzen da. Ugariak dira Mendebaldeko Saharan dauden sardina naiz hegaluzeen bankuak. Honen guztiaren harira, Dakhlan hainbat enpresa aurkitzen dira arrain komertziora loturik daudenak. Bai marokoarrenak eta baita Europa nahiz bertze herrietakoak ere.
Alde batetik enpresa haundiak daude (goi kargudun marokoar batena kasu, non gutxienez arrain transporterako hamabi kamioi aurkitzen diren) arrain esportaziora dedikatzen direnak. Bertzetik itsasontzi internazionalak ere, inolako kontrolik gabe itsasoa ustiatzen ari direnak (Dakhlako lurmuturrean itsasontzi errusiar bat dago urte guztian gora eta behera gelditu gabe dabilena).
Hauetaz aparte, Dakhla hiritik bortz bat kilometrora, lur mutur bukaera aldera, arrantzale marokoarren herrixka bat dago. Bertan hamarnaka oihal eta taulaz egindako txabolatan banaturik dauden sakeatzaileak bizi dira. Hauek, denbora baterako etortzen dira ur hauetan arrantza egitera, eta gehien biltzen dutena olagarroa da. Plastikozko ontzi batzuk erabiltzen dituzte horretarako. Ez da ordea hau era honetako herrixka bakarra. Izan ere, Mendebaldeko Saharako hegoaldean (Rio De Oro) honelako bortz herri daude eta Dakhlakoa da txikiena.
Honek guztiak, eta hainbertze urtetako kontrolik gabeko era guztietako esplotazioak, arrain kopuruan ere eragina izan du eta garai batean hain emankorra zen kostaldea deus gabe uzten ari dira.
Akitzeko, erran beharra dago bertako edozein aberastasunen esplotazioa ilegala dela. Mendebaldeko Sahara konflikto batean dagoen herria izanik; eta herrialdearen geroa zehazteke dagoen bitartean, ez baita bertan aurkitzen den lehengairik ustiatzen ahal. Marokok ongi aski daki hau dena; hortaz hemen arrantzatzen dena, Agadir-era (Maroko hegoaldeko hiria) transportatzen dute kamioien bitartez, handik produktu marokoarra bailitzan esportatu ahal izateko"