SAHARATIK


Saharan dauden bi baztandarrek hango egoeraren berri eman nahi digute. Dakhlatik:
"Ur kirol eta luxuzko hotel nahiz kanpinen gibelean etengabe haunditzen ari den hiria da. Bertan, Israelgo estatuak Palestinan egiten duen ereduari jarraituz,1990ko hamarkadaz geroztik (frente polisarioa eta Marokoren arteko su etena) iristen ari den Maroko iparraldeko kolonoen etorrera ikaragarria da.
Lehengo hiri zaharraren hegoaldean, ehunka etxebizitza eraiki dira kolonoei aterpea emateko; hiritik kanpo baina era berean berau inguratuz. Erran daiteke hiri honek bi martxa izan dituela: bata 1975eko martxa berdea eta bertzea 1990z geroztik gertatzen ari dena. Badirudi 1975ean iritsitako marokoarrak nolabait integratu edo egin zirela, eta herri sahararrak hain itxarona duen erreferendumaren aurrean mehatxu bat bihurtu direla Marokoko agintarientzat.
Hortaz, bigarren kolonialismo bat antolatu dute, Marokoko herritar pobreenak hartuz eta Mendebaldeko Saharan bizi hobe bat eskainiz.
Lehen erran bezala, kolono hauek Dakhla hegoaldean dauden bi auzo haunditan banatzen dira, nolabaiteko ghetto bat sortuz. Bertan denak dira marokoarrak eta auzoen egiturak militarrek zainduak dira. Honat iristen diren kolonoei buru garbitze bat egiten die momentu oro gobernuaren agindutara egon daitezen. Bertzalde,hemen bizitzeagatik jasotzen dituzten laguntzak erranguratsuak dira. Kolono familia bat iristen denez geroztik, bere etxebizitza eraikitzeko lursail bat (ura eta argia barne) eta 30000 dirhaneko (3000 €) laguntza jasotzen du. Behin eraikitakoan gainontzeko herritarrek ez bezala, ez dute inolako zergarik pagatzeko beharrik.
Sortzen den haur bakoitzeko razio bat ematen zaie (elikagaiak, gasa, baita beraien ahuntzaren egunerako ahuntza ere) honen erdia etxean erabiltzen dutena eta bertze erdia kolonia barnean duten merkatu batean saltzen dutena.
Sahararrei aldiz, 200 dirhaneko (20 €) laguntza ematen zaie haur bakoitzeko (aitzinekoa baino aunitzez gutiago) eta hirugarren haurretik aitzin laguntza kentzen zaie. Kolonoen zenbatekoa jakitea ezinezkoa da militarrek kontrolatua baitago; baina aipatzekoa da auzo honen erdi batean  12 eskola daudela. Atera hortik beraien sortze tasa.
Guzti honekin Marokoko gobernuak lortu nahi duena gauza garbia da. Batetik erreferendumaren aitzinean bere jarrera lagunduko duten biztanle gehiago izatea; bertzetik sahararren artean beldurra sortzea. Izan ere ugariak dira kolono hauek gainontzeko herritarrei egiten dizkien erasoak (betiere poliziaren onespenarekin) joan den udazkeneko gertakariak kasu, non saharar batena zen eskola bat ere erre baitzuten, hiru egun iraun zuen istilu odoltsuetan".