Fadel Mohamed Semlali; Bouh ezizenez ezagunagoa, 1965eko
abenduaren 3an sortu zen Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian, herrialdea
Espainiaren menpe zegoenean.
Lau urterekin, poliomenitis eritasuna aurkitu
zioten eta Kanariar uharteetara joan behar izan zuen ebakuntza egitera. Hara,
"seccion femenina" delakoaren zaintzapean iritsi zen, han San Juan de
Dios komunitateak artatua izan zelarik. Gaixotasun honen ondorioz gerritik
behera elbarri gelditu zen.
Hor egon zen, 1981ean bere jaioterrira itzuli
zen arte eta iritsitakoan dena aldatua aurkitu zuen. Izan ere, lehen erran
bezala, alde egin zuenean Sahara Espainiaren kolonia zen, baina 1979tik aintzin
gobernu Marokiarrak militarki inbaditua zeukan (1975etik 1979ra, Mauritaniren
manpe egon zen Dakhla, Frente Polisarioak gerran garaitu zuen arte).
Bouh-ek bere jatorrizko hizkuntza (Hassania)
ahantzia zuen eta bere herria kolonialismo batetik bertzera nola igaroa zen ikusi
zuen.
1980ko hamarkadako urteak, arras gogorrak izan
ziren saharar herriarentzat. Beren hizkuntza, kultura edo beraien herriarekin
zerikusirik zuen oro debekatua zegoen eta hauetako edozein jardun jendaurrean
egiteak, atxilotua, torturatua, desagertua edo erahila izatean zekarren.
Hainbertze izan ziren, urtek kartzela
ezkutuetan pasa zituzten herritarrak, inorek beraien berririk izan gabe;
hainbertze izan ziren ere bizirik lurperatu edo helikopteroetatik desertura
bota zituztenak.
Hau dena bizi behar izan zuen Bouh-ek ,
lurralde okupatuetako biztanleriak aski da erran eta altxatzea erabaki zuten
arte.
Gaur egun, bera da Dakhlako ekintzailerik
beteranoenetako bat. Ez du etsaiaren aintzinean burua makurtzen; ahatik,
etsaiari haurpegira begiratu eta agur erraten dio bere harrotasuna agerian
utziz, nahiz eta beldurra beti eduki beharra dagoela dion. Dakhlako udalean
egiten du lan eta bere lankide marokiarren aurrean ere harro erakusten du bere
saharar izaera.Polizia kontroletan, aintzinera segitzen du ajente okupatzaileen
aginduei kasu egin gabe: "ni nere herrian nago. Ez diet indar polizial
arrotzei kasu egin beharrik".
Maroko, beti saiatu izan da Mendebaldeko
Sahara beraiek okupatu aurretik, biztanlerik gabeko lurra zela erakusten. Hau
lortzeko, espainiarrek utzitako ondareak suntsitu nahian dabil (itsasertzeko
faroa, herri erdian dagoen eliza...). Ez du nahi, beraiek inbaditu aintzinetik,
bertze inbasore bat egon zela erakusten duen inolako frogarik.
Honen guztiaren kontrako ekintzaile bezala
agertzen zaigu Bouh. Bera da Maroko behin eta berriz desagerraraztera saiatzen
den ondare kultural saharauiaren defendatzaile sutsua: "gazteri
sahararrak, bere historiaren berri izan behar du, nondik gatozen jakiteko"
dio.
Norbait atxilotu, jipoitu eta zabortegira botatzen
dutenean bera da bertze aunitzen artean haien bila joaten denetako bat. Berak,
atxilotuko ez duten uste osoa du. Preso hartu ezkero, Marokorentzat arazo
bihurtuko delakoan dago, dituen lagun eta kontaktuengatik: "zerbait
gertatzekotan, kamioi batek harrapatuta edo erahilko naute, istripu bat
bailitzan". Eta triste dago urteetako era guztietako zapalkuntzak
lortu ez duena, alkohola lortzen ari dela ikustean. Marokoko gobernuak gazteria
indargabetzeko sartzen duen alkoholaz gain, turistek ere beraien ekarpena
egiten dute. Iraila bukaeratik hasi eta negua pasa arte, aunitz dira
autokarabanetan paraje hauetara hurbiltzen diren turistak. Hemen dauden
bitartean, diru batzuk ateratzeko, beraien herrietatik alkohol mordoa ekartzen
dute bertako gazteriari saltzeko.
Gaur egun, Dakhlan ezinduen zaintzarako dagoen
zentroko arduraduna ere bada. Zentro honetan, behin eta berriz, lurraldeko
komertzio naiz negozio guztietan bezala, agintariak Marokoko erregearen
argazkia ( Mohamed VI) eta bandera jartzen saiatu dira. Berak ordea, ezezkoa
eman du beti: "ez; ez dut jarriko, gogorik ez dudalako".
Kuriosoa da. Bouh-en familia eta lagunak eraso
zituzten kolono marokiarrei seme alaba ezinduren bat jaiotzen zaienean,
beregana jotzen dute laguntza eske eta honek esku zabalik hartzen ditu inolako
bazterketarik egin gabe: "neretzako ez dago jendearen baitan
desberdintasunik; denak berdinak gara".