SAHARATIK 5: PRESO POLITIKOAK, HILDAKO PERTSONAK GARA KARTZELA BARNEAN



Zoritxarrez, aski ezagunak dira ekintzaile sahararrek kartzelatan pasa behar izaten dituzten sufrikarioak. Ia ia, egunero izaten dira atxiloketak indar okupatzailez josita dagoen Mendebaldeko Saharan. Beraien delitua: zapaldua den herri baten eskubide zibil eta politikoen alde, modu baketsuan jardutea.
Hauetako bat da Bachri Bentalig. Aaiungo gizaseme honek bortz urte pasa behar izan zituen espetxean. Lehen lau urteak, tamalez hain ezaguna den hiriburuko kartzela beltzean eta bertzea, Maroko hegoaldean aurkitzen den Agadir inguruko Aitmilul kartzelan.
Bachri, 2005ean hasitako intifadaren baitan atxilotu zuten. "Gendarmerie Royale" delakoaren eskutan zazpi egunez era guztietako torturak jasan eta gero Aaiungo kartzela beltzean sartu zuten (espetxe hau Espainiaren kolonialismo garaikoa da).
Zeboitzu sekretu marokiarrek agintzen duten exterminioko zentro honetan sartu zenean, bertze hamalau kide aurkitu zituen bertan. Ez da tratu tratu berdina izaten preso komun eta politikoek jasotzen dutena. Azken hauen bizi baldintzak aunitzez ere makurragoak dira eta baita bixitan doazen familiarrenak ere. Gatibuak intimidatzearekin nahikoa ez ta beraien senitartekoak ere ala egiten dituzte (denbora luzez kanpoan zain edukiz, irainduz...). Egoera horretan presoek erabili dezaketen borrokarako tresna bakarra, beren gorputza izan oi da eta maiz egin behar izaten dituzte gose grebak eta gisa horretako protestak.
Kartzelan zeraman denbora tartean ordea, gerora "udaberri arabiarra" deituko zenaren lehenbiziko protesta ekimenari ekin zioten sahararrek, 2010eko urria bukaeran. Milaka herritar bildu zituen ekimen hau,  bizitza duinaren aldeko kanpaldi bat izan zena, marokoko indar armatuek bortizki  desegina izan zen.
Honen harira, aldaketa batzuk pairatu zituzten lehendik preso zeudenek. Iristen ari ziren hamarnaka atxilotuekin hartu emanik izan ez zezaten, zelda isolatuetan bakartu egin zituzten; handik gero destinuz aldatzeko.
Hasieran erran bezala, Bachri Maroko hegoaldeko Aitmilul-era lekualdatua izan zen, bertze kide batzuekin batera. Harat iritsi bezain pronto, begiak benda batekin estali, torturatu eta isolatu egin zituzten. Ongi etorria deitzen zioten honi funtzionariek. Hau izan zen beraien eguneroko ogia espetxe hartan egon ziren bitartean. Zuzendariari inolako kexarik adierazte hutsak, bertze behin bortizki torturatua izatea zekarren.
Bertako zuzendaria eta zuzendari ordea (kartzelan Pit Bull ezizenez ezaguna), sahararrak gorrotatzen dituzten bi borrero dira eta edozein aitzakia nahikoa zaie preso politiko bat torturatzeko.
Inpotentzia honen aintzinean, gose grebei ekin zieten bertze behin ere. Bi izan ziren epe laburrean egin zituztenak (bata 15 egunekoa eta bertzea 31 egunekoa). Beren osasunean ondorioak utzi zizkien protesta hauekin, ez zuten presondegi barnean hobekuntzarik lortzen, baina gutxienez errendituko ez zirela argi eta garbi erakusten zuten.
Kartzela barneko eskubideen aplikazioa, zuzendaritza taldearen baitan zegoen. Bachrik adibidez, bortz urtetan ez zuen pare bat aldiz baino gehiago telefonoz deitu ahal izan;; 10 x 15 metro neurtzen zuen patiora espetxezainek nahi zutenean baino ez ziren ateratzen ( aunitzetan astean behin baino ez); kartzelako elikagaiak hutsaren ondokoa ziren eta etxetik iristen zitzaienaren erdia ebatsia izaten zen. Ez zieten mediku baten bisita jasotzeko baimenik ematen eta bisitara hurbiltzen zirenek maiz etxera buelta egin behar izaten zuten senitartekoa ikusi gabe. Sartzea lortzen zuten egun gutxi horietako bisitak, arras laburrak izaten ziren eta burdinezko hesi baten gibeletik komunikatu behar izaten zuten.
Bachri Bentalig, gaur egun kanpoan aurkitzen da. Maiz joaten da desertura lasaitasunean egotera, bere ahaide guztiek garai batean egin oi zuten moduan. Bera libre izanagatik, argi du oraindik preso dauden bere kideak, egoera berdina sufritzen ari direla eta esaldi honekin agurtzen gaitu: Preso politikoak, hildako pertsonak gara kartzela barnean".