SAHARATIK 6: EMAKUMEAK

Jadiyetu Moulud, Yahdiha Haimouda, El Mastihia Haimouda, Ajiarhem Aalia, Fatma Humainid, Galmula Ismaali, Hdhem Zreguinat...
Emakume sahararrak izateaz gain, bertze gauza bat ere badute denek bizi izan dutena: Marokiarren errepresioa. Emakume guzti hauek pairatu dituzte torturak, kartzela eta era guztietako umilazioak. Hauetako andre bakoitzak jasan izan behar duena hitzez hitz idazteko liburu oso bat beharko litzateke. Testigantza bakar baten laburpen bat da hau, kontutan hartuz gehienak berdintsuak direla, detaile batzuk gora behera. Kontutan hartu behar da ere, kultura sahararrean, sufrimenduari buruz mintzatzea zaila dela. Eta emakume hauek indar berezi bat egiten dutela bizitakoa guri kontatzean.

Yahdiha Haimouda:
1980ko abenduan atxilotu zuten bere ahizparekin batera. Etxeko atea bota eta bi emakumeak detenitu zituzten beraiekin zeuden seme alabak etxean bakarrik utziz. Zaharrenak zortzi urte bertzerik ez zituen.
Gaueko 11ak ziren etxetik atera zituztenean eta poliziaren auto batean bueltaka ibili zituzten, goizeko bortzetan PC CIMI izeneko koartelera eraman zituzten arte. Hemen hasi zen hamaika urte luze iraungo zuen amets gaiztoa. Hamaika urte desagerturik, familiak bizirik edo hilik zeuden jakin gabe.
Ailegatu bezain pronto hasi ziren torturak. Biluztu, mahai batean etzanda sokarekin lotu eta ur zikina edanarezten zien. Gero, poliziek tripan kolpeak ematen zizkien barnera sartutakoa berriz kanporaraziz. Hanka zolan ere, borrekin kolpatzen zituzten konortea galtzeraino. Elektrodoak belarrietan, oinetako behatzetan, sudurrean... Jakin nahi zutena:polisarioaren banderak nondik ateratzen zituzten, hauekin nola komunikatzen ziren, beraien lagunak nor ziren...
Bi hilabete egon ziren modu horretan eta hasieran hiruzpalau pertsona zirena hirurogeita hamabortz laguneko taldea izateraino iritsi zen. Hauetako bat, haurdun zegoen atxilotu zutenean eta denbora honetan erditzeko momentua iritsi zitzaion. Emakume hau ospitalera eraman zuten erdi zedin, baina haurra sortu eta berehala amagandik bereizi zuten honek nora eraman zuten jakin gabe. Inoiz gehiago ez zen berdina izan, burua zeharo galdu baitzuen.
Denbora hori pasa eta gero, atxilotutako guztiei begiak estali eta Aaiungo aireportura eraman zituzten. Hegazkin barnean binaka jartzen zituzten, bat bertzeari esku burdinez loturik eta libre gelditzen zitzaien eskua gora loturik. Denetara hirurogeita hamabortz pertsona zihoazten hegazkin honetan; hauetako hamasei emakumeak. Marokoko Casablanca hirira iritsita, kamioi batzuetan sartu eta DARB MOULEY CHRIG izeneko leku sekretu batera eraman zituzten. Hemen, aurrekoak baino tortura okerragoak hasi ziren. Bertzeen oihuak entzun eta beraien txanda noiz iritsiko zain egotea bertzerik ez zitzaien gelditzen. Bakar batzuk, aste oso bat egon ziren hogeita lau orduz teilatutik zintzilik kolpeak jasanez. Zazpi hilabete eman zituzten modu honetan, une oro begiak estalirik.
Gero, 1981eko uztailean, berriz ere kamioietan sartu eta lekuz aldatu zituzten. Ordura arte poliziaren eskuetan egon baziren ere, hortik aurrera, "fuerzas auxiliares" deituriko paramilitarren zaintzapean egotera igaro ziren.
Horrela bada, poliziaren kamioietatik paramilitarren kamioira pasa eta bertze toki batera lekualdatu zituzten. Kamioiean bertan hasi ziren tratu txarrak. Begiak estaltzeko bendarekin ahoa tapatu eta arnasa galtzeraino uzten zituztelarik.
Ouardazet-etik hurbil dagoen AGDEZ deitzen den leku sekretu batera eraman zituzten paramilitarrek. Iritsi bezain laster, biluztu eta kolpeka hasi zitzaizkien, bi aldetara poliziaz egindako pasilo moduko batetik pasaraziz. Leku hura, lurpeko bunker antzeko egitura bat zen.
Pasilo luze batek zeharkatzen zuena eta bidean zelda desberdinak zituena. Bi hilabete eman zituzten han, eguzkiaren argirik gabe, ilunpetan, ondoan nor zegoen jakin gabe. Sugeak, eskorpioiak, denetik zegoen lurpeko zulo hartan. Janaria banatzen zitzaienean atea ireki eta pasilora atera behar izaten zuten honen bila, tartean jipoituak izaten zirelarik. Beraien janariaren erdia zaindarien zakurrentzako izaten zen eta gainontzekoan arrak eta insektuak izaten ziren.
Lehen erran bezala, bi hilabetez hor egon eta gero, argi gehixeago zuen bertze ziega batera lekualdatu ziuzten. Bi urte pasa behar izan zituzten baldintza negargarri hauetan, Kalaat Magaunera (Ouardazat-etik hurbil baita ere) eraman zituzten arte. Han 270 saharar preso ingururekin egin zuten topo. Gizonak eta emakumeak bereizi eta zelda ezberdinetan banatzen zituzten. Hemen gutxienez, noizean behin patiora ateratzeko baimena izaten zuten. Egoerak pixka bat hobera egin bazuen ere, irainek eta torturek bere horretan jarraitzen zuten.
Eritzen baziren, ez zuten medikuen bisitarik izaten eta oinutsik eta arroparik gabe ibiltzen ziren.
Zonalde hau mendi inguruan aurkitzen da (atlas mendilerroaren inguruan), eta elurra ere egiten du.
Ba hau gertatzen zenean, ziegetako ateak trabatu egiten ziren. Zaindari paramilitarrek zelda bakar bateko atea libratu eta gero, hango presoek zabaldu behar izaten zituzten gainontzeko guztiak, lehen erran bezala oinetakorik eta kasik arroparik gabe.
Yahdiharen emakume taldetik denek biziraun zuten, bertze taldeetan bidean gelditu zirenak, aunitz izan arren.
Azkenean, 1991 ko ekainean (Frente Polisarioa eta Marokoren arteko su etena) aske gelditu ziren.
Yahdiha-k bi urte behar izan zituen bere gorputzeko zauriak berriz sendatzeko.
Desagertuta, familiak hilik edo bizirik zeuden jakin gabe egonda, egunero bortizki torturatuak,
biharko egunean zer gertatuko zitzaien idearik ere izan gabe....
Muturreko egoera hau soportazea nola posible den galdetuta, Saharar herriaren kausa eta jainkoa lagun izan zituela erantzun digu.
Gaur egun, idatzi honen hasieran aipatutako emakumeak eta adin ezberdinetako bertze hainbat andre, FAFESA izeneko elkartean biltzen dira.Elkarte honek, saharar emakumearen eskubideen defentsan dihardu, bertze hainbat ekimen egitearekin batera: andrezkoei irakurtzen eta idazten erakustea, norbait zauritzen denean lehen laguntzak ematea...