Diario de Noticiasen Baztango berriemaileak udal aurrekontuen inguruan idatzitako berria bertze behin borondate txar, manipulazio eta gezurren salda ederra da. Hasteko, lerroburua: El ayuntamiento de Baztan sigue sin cerrar el presupuesto de 2013. Lerroburuarekin udalaren ezintasuna iradokitzen du, kudeatzeko gaitasun falta eta horretarako, azpititularra ideia hori indartzeko erabiltzen du: De los cuatro más grandes es el único que sigue sin aprobar el documento de gestión. Hori argi eta garbi gezurra da, Berak ere ez baititu aurrekontuak onartu, hortaz, eskualdeko 4 udalerri garrantzitsuenetatik bik aurrekontuak onartu gabe izatea, erdia suposatzen du; horrek, kazetariak irudikatu nahi duen Baztango kasuaren ez ohikotasun eta salbuespena hankaz goiti botatzen du.
Gainera, kontuan hartuta Lesakan urtarrilaren 25ean hasierako onespena eman zitzaiela, bistan da aurrekontuen onarpena urtearen hasierako hilabeteetarat luzatzea gauza arrunta dela. Aipagarria da, halaber, bere borondate txarreko tesia nabarmentzeko berriaren gorputzean eskualdeko erakundeen zerrenda ematen duela eta mankomunitate sektorialen aurrekontuak udalen aurrekontuekin nahasten duela.
Modu berean bere borondate txarraren adierazle gisa lerroburuko eta azpitutalarreko sigue aditza dugu, indartzaile gisa erabiltzen duena alarma gisakoa pizteko, udalaren ustezko kudeaketa ezintasunaren ideia azpimarratzeko, ahaztuz edo isilduz, udalerrietan ohikoa izaten dela aurrekontuak urtearen hasieran onartzea.
Guzti hau gaizki ulertu baten gisa ulertu zitekeen, baldin eta kazetariaren orain artioko ibilbidea bertze bat izan balitz; baina ikusitakoak ikusita, intentzio txarrenarekin egindako bertze berri baten aitzinean gaudela erran beharra dago.