HIRU ILARGI LAURDENi BURUZ SOLASEAN


Erratzuko kultur taldeak eta Baztango irakurleekin solasean taldeak antolatuta Ernesto Prat Urzainki elizondorrarekin Hiru ilargi laurden liburuari buruzko literatur-solasaldia egin zuten atzo Erratzun. Giro etxekoi atseginean Ernestok eleberriaren abiarazle ihesaldiak eragindako haustura izan zela aitortu zuen eta egoera traumatiko horrek ekarritako isiltasun zaratatsu eta inarrostaileak idazterat bulkatu zuela, aringarri eta lasaigarri moduan. Eleberria prozesu bizi baten gisan ibili eta bururatu zela erran zuen hala, oinarrizko kontaketari zehar-istorioak ustekabean txertatu zitzaizkion narrazio nagusiaren barnean bertze narrazioak garatuz errealitatea eta fikzioarekin etengabe jostatuz eta bere ingurune sozialari buruz aldiro keinuak eginez. Musikagintzarekin alderatuz lehen liburu hau maketa gisa definitu zuen, baina horri musika talde aunitzen lehenengo maketek eragindako zirrara erantsi beharko lioke, entzulea, kasu honetan irakurlea bibrazio eta sentsazio baikorrez betea uzten dutena.
Aurtengo idazle gonbidatuen artean Ernesto bigarrena izan da azaroan Garazi Kamio Anizerat gonbidatu eta gero. Ondoko egunetan aurtengo hirugarren idazle gonbidatua nor izanen den adostuko dute, horrela, laugarren urtez segidan Baztango irakurleen taldeak antolatzen duen irakurleekin solasean ekimenaren aurtengo ikasturtea akitzeko.
Aipagarria da orain artio herri ekimen honen  lau urteko ibilbidean Harkaitz Cano, Alberto Ladron Arana, Eider Rodriguez, Unai Elorriaga, Iñigo Aranbarri, Uxue Alberdi, Lander Garro, Eider Rodríguez eta Miren Agur Meabe etorri direla Baztanerat.