SAHARAREKIN ELKARTASUNA

Otsailaren 23an, Saharar errepublikaren aldarrikapen egunaren  (otsailaren 27a)  harira, herri honen aldeko eguna ospatu zen Saharaztan elkartearen eskutik.
Atsaldeko 6etan "epaiketa fartsarik ez!saharar presoak kalera" eta "Sahara askatu!" lemapean, kontzentrazioa burutu zen Elizondoko plazan, bertan 45 bat pertsonak parte hartu zutelarik.
Egunak Oronoz Mugairen segitu zuen. Kontzentrazioa eta gero, herri honetako elkartean hitzaldi bat egin zen, bertan Saharar herriak bizi dituen bi errealitateak ongi ikusi zirelarik: errefuxiatuen miseria eta lurralde okupatuetako era guztietako jazarpena.
Alde batetik, Hassana Aalia, lurralde okupatuetako Aaiun hiriburuko ekintzaileak, herrialde horretan bizi duten eguneroko errepresio gordinaren lekukotasuna eman zuen. Ekintzaile honek,  bertze hainbat Sahararrekin batera, Igdeam Izik kanpalekuaren antolakuntzan buru belarri jardun zuen. Hor burututako ekintza baketsuagatik, biziarteko kartzela zigorrera kondenatua izan da bera eta bertze 23 preso politikoren kontra berriki burutu den epaiketa militarrean. Gaur egun Euskal Herrian bizi da "asilo politikoa"delakoa galdegina duelarik.

Bertze aldetik, Nafaa Salem; Mendebaldeko Saharan sortu baina 1975ean Espainiaren inbasioa akitu eta Marokoren okupazio militarraren eraginez, bere familia eta bertze milaka Sahararrekin batera herrialdetik alde egitera behartua izan zen. Errefuxiatu hauek, Aljeriako desertuan hartu zuten babesa eta 1991 harte iraun zuen gerrari ekin zioten (1975a aintzinetik Frente Polisarioa jadanik armatan altxatua zen Espainiar inbasioaren kontra). Nafaa-k, Tindoufeko errefuxiatuen kanpamenduetan bizi duten egoeraz gainera, Espainiako gobernuaren axolagabekeriaz, Frantziako gobernuak estatu Alauitari ematen dion babesaz, Aljeriak bizi duen egoera politikoaz ...solastu zuen.
Bi Saharar hauen testigantzaren ondoren, hitzaldira agertutako entzuleen galdera eta jakin minei erantzun zieten hizlariek; eta elkartean bertan afaldu hondotik, akabera eman zitzaion Saharaztan elkarteak Saharar errepublikaren aldarrikapen egunaren harira, urtero antolatzen duen jardunaldiari.