EMAKUMEAK DANTZAN JASANDAKO BAZTERKETA HISTORIKOTIK PLAZARAKO BIDEA AZALDU ZUEN ATZO IRURITAN OIER ARAOLAZAK
Emakumeak euskal dantzetan gaiarekin nesken parte hartzea mutil dantzetan eztabaidan sakondu zuen Oier Araolaza antropologo eta dantza maixuak Iruritako gizarte bilgunean atzo emandako solasaldian. Euskal dantzei begirada historikoa eskaini zien eta lehendabiziko ondorio gisa emakumeak historikoki dantzetan baztertuak izan direla erran zuen eta, hori, arrazoi sinple batengatik, emakumeak gizarteko alor guztietan ere bazterturik egon direlako. Ildo horretatik, plaza espazio publiko moduan, gizarteko antolaketa jerarkikoaren erakustoki dela aipatu zuen eta bertan, gizarteko botere harremanak ere islatzen direla. Alta, bazterketa eta trabak gora-behera emakumeek beti dantzatu dutela erran zuen, baita plazan ere; eta horren froga nagusia garai guztietan horren inguruan sortu diren eztabaidak direla erran zuen.
Begirada historikoarekin jarraikiz plazako bazterketan XVI. Mendea mugarria izan zela aipatu zuen, orduan, Elizaren aldetik emakumeak plazatik kanporatzeko bulkaldia bereziki nabarmena izan zen. Baina plazatik kanporatzeko eginahalak XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran lortuko du arraskasta eta orainaldirat iritsi den dantzen irudi hori, ordukoa da.
Nolanahi den ere bizitzaren ezaugarri nagusia aldaketa den modu berean dantzetan ere etengabeko aldaketa eta bilakera ikusi da. Adibidez emakumeak alkate izatera iritsi diren neurrian herriko agintariei –garai batean gizonezkoak- dantzan zegokien aitzindaritza hartu dute; bertze garai batzuetan XX. Mende hasieran Batzokien ekimenez gizonezkoen ezpatadantzari taldeekin bat emakumeak ere politikoki erakartzeko nesken dantza taldeak sortu zituzten eta orduan sortu eta asmatu zituzten gerora hainbertze hedatu diren poxpolinak eta nesken dantzak.
Hala, mutil dantzetarat etorriz tradizioa etengabe aldatzen dela aipatu zuen Oierrek: mutilen dantza izatetik gizonezkoena izatera pasa dela; ezkongabeena izatetik ezkonduena ere izatera… Izena ere baitaezpadako kontua dela erran zuen: larraindantzak ez dira larrainetan dantzatzen, ezpata dantza aunitz makilekin dantzatzen dira eta iparraldeko mutxikoak, neskek ere dantzatzen dituzte. Tradizioak aldatzen diren neurrian irauten dutela ohartarazi zuen, bizimodu berrietarat moldatzen diren neurri berean hain zuzen.
Akitzeko mutil dantzak ondare kultural aski aberatsa direla erran zuen, eta gozatu eta zaindu behar direla. Dantza horien iraupen eta transmisioan hainbat jendek egin duten lanaren aitortza eta eskertza ere beharrezkoa dela aipatu zuen. Halaber mutil dantzek gainerako dantzen moduan herritar guztiendako, neska eta mutilendako irekiak izan behar dutela adierazi zuen; plazan ez dela bazterketarik ematen ahal.