Saltatu eta joan eduki nagusira
BAZTAN-BIDASOAKO SORTU AURKEZTU DUTE
Baztan Bidasoko Sortu erakunde berria aurkeztu zuten joan den asteazkenean Bertizen. Hau izan zen Ekaitz Landa kordinatzaileak irakurri zuena:
Jaio da Sortu, Euskal Herri mailan Ezker Abertzalearen erreferente politiko nagusi izanen den erakunde berria, eta hasiera hasieratik, Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetan bezalaxe, Baztan-Bidasoan ere antolatu dugu. Hamarnaka eta hamarnaka lagunek parte hartu dute, Beratik hasi eta Amaiurreraino, pasa den azarotik otsailera arte luzatu den Sorturen eratze eztabaidan.Ondorio gisa, Baztan-Bidasoako Ezker Abertzaleak, eskualderako bere borroka eskaintza eta proiektu politikoa garatu ahal izateko tresna berria sortu du.Tresna berria da, Ezker Abertzaleak “Zutik Euskal Herria” ebazpenean planteaturiko hausnarketa eta aldaketa estrategikoari erantzuten diolako, molde berrietatik, bai eta gaurtik hasi eta aintzinera begira ere, militante berrien ekarpena dugulako eta izango dugulako.
Baina tresna berria izanik ere, ez dugu ahanzten nor garen eta nondik gatozen. Ezker
Abertzaleak historikoki garatu duen borrokaren parte gara, helburu politiko beren alde borrokatzen dugu. Zentzu honetan, Ezker Abertzaleak historikoki herri honi egin dion borroka eta aldarrikapen eskaintza, luzatu dion proiektu politikoa, gure egiten dugu, eta modu eraberrituan planteatu.
Norabide honetan, Baztan-Bidasoako Sortuk, gure herriak pairatzen duen Gatazka
Politikoaren konponbide demokratikoa eskuratzea izanen du lan-ildo nagusietako bat. Hori horrela, gatazkaren gordinak gure eskualdean utzitako ondorioak gainditzeko borrokatuko dugu: preso eta iheslari politiko guzien etxeratzea, indar okupatzaileen presentziarekin amaitzea eta abar. Modu berean, txanponaren bertze aldean, Euskal Herriaren aitortza politikoaren alde, eta nafarron euskal izaera ukatu eta zanpatzen duen lurralde zatiketaren aurka irmoki borrokatuko dugu, ez baitago herri gisa askatasuna lortzerik lurralde zatiketak dirauen bitartean. Ikusi bertzerik ez dago, eta azken asteotan hagitz bereziki, UPN eta PSN-k sostengatu duten “Navarra Foral y Españolak” nora ekarri gaituen.
Izan ere, ez dugu herri askerik ulertzen justizia sozialik gabe. Puntu honetan garbia da
Sorturen eskaintza: sozialistak gara, ez dugu erabateko bidegabekerian oinarritzen den sistema kapitalista aukera bakar gisa onartzen. Pairatzen ari garen erasoaldi basatia, Baztan Bidasoan ere ondorio garratzak uzten ari da, eta honen aintzinean, uneak eskatzen duen erantzuna emateaz gain, alternatiba oso bat eraikitzeko konpromezua hartzen dugu, eta gogor eginen dugu gauzatu dadin.
Bide hau, ordea, ez dugu bakarrik egin nahi. Zentzu honetan, Sortu, Euskal Herria Bildu
koalizioaren parte ere bada. Indar metaketaren aldeko apustu garbia egin dugu, eta Baztan-Bidasoan ere halaxe da eta halaxe izanen da, gure eskualdean gehiengoa diren jende euskaldun, abertzale eta aurrerakoientzako alternatiba oso bat dugulako. Bertzalde, herri mugimenduaren espresio ezberdinekin ere, euskalgintza edo gazte mugimendua kasu, orain artean izandako elkarlan bera izateko prestutasun osoa agertzen dugu.