Baztango
sozioekonomiako herri bilguneak antolaturik Pello Otxandiano Otxandioko
“Herri-ola” tokiko garapen proiektuari buruz mintzatu zen bart Elizondoko
Arizkunenea kultur etxean. Hasteko sarrera moduan oraingo krisi sistemikoaz eta Euskal Herriko tokiko garapen proiektuen
ezaugarri nagusietaz mintzatu zen. Ezaugarri horiek zerrendatzerakoan lau
aipatu zituen: ikuspegi integrala dutela, hau da garapenaren ikuskera globala
dutela, ez hazkunde ekonomikoaren logikara mugaturikoa. Bigarrenik, prozesu
ikuspegia barneraturik daramatela, trantsizio klabean antolatzen direla,
haustura klabean baino. Hirugarrenik herri erronka gisa planteatzen direla
erran nahi baita, udaletik harago herri-mugimenduarekin eta eragile
sozioekonomikoekin, gisa horretan aitzindaritza eredu berria sortuz. Azkenik,
parte hartze horren bidez herritarren boteretzea ematen dela.
Sarrerakoak
aipatuta, Pellok, udal jarduera kudeaketa konbentzional batean ez erortzeko
horizonte utopiko bat behar zela azpimarratu zuen, ipar edo norabide bat
aldaketa sozial eta politikoan sakontzeko. Ildo horretan, horizonte utopiko
horri buruz jendeak onartzen dituen balore unibertsalekin oinarri ideologiko
bat adostearen garrantzia aipatu zuen, Otxandioren kasuan: iraunkortasuna,
parte hartzea, elkartasuna eta euskalduntasuna. Erronka, bistan denez, horiek
edukiz betetzea da, baina hasteko, diskurtsoa hegemonikoa izatekoa herritar
guztiek edo gehienek konpartitzen dituzten balore unibertsalak adostea komeni
da.
Behin
horizonte utopikoaren oinarriak finkatuta lan-arlo desberdinak abiarazi
zituzten Otxandion: ura, lana, hezkuntza… denera hamahiru arlo. Baina
eremuetako bakoitza prozesu moduan ezaugarritu zuten, hau da, abian diren
hamahiru prozesu bailiran. Horrela prozesu bakoitzaren iparra markatuta
garrantzitsuena urratsak ematea dela adieraziz eta proiektu zehatzen lanketa
lehenetsiz. Horretarako beharrezkoa da jendartean dagoeneko lanean ari diren
eragileak norabide horretan aktibatzea eta prozesuan barneratzea. Hala, prozesu
horiek herrian aktibaturik zeuden arlo eta eragileen arabera zehaztu zituzten.
Garrantzitsua da jendeak beren esparru naturalean aktibatzea, baina hori bai,
proiektu osoaren jakitun izanik. Proiektuen jarraipena egiteko prozesu
bakoitzeko kideak hilabetean behin elkartzen dira eta erabaki handi edo
kualitatiboak hartu behar direlarik, herritarren kontseilua elkartzen.
Otxandioko
“Herri-olarekin” bertze gobernantza eta sozioekonomia eredu bat bulkatu nahi
dute, komunitate sentimendua bulkatuz eta alternatibak egon badaudela
ikusaraziz. Halaber, guzti hau aitzinerat ateratzeko boluntarismoa eta
militantzia nahitaezkoak badira ere, beharrezkoa da baliabidez hornitzea:
teknikariak, aholkularitzak…
Gainerakoan
eta beren esperientziaren argira parte hartze prozesuek denboran mugatuak eta
gai zehatzen ingurukoak izan behar dutela erran zuen.
Solasaldiaren
ondotik galdera-erantzunen txanda interesgarria izan zen.