KOOPERATIBISMOA: AMETS KOLEKTIBOEK DUTEN INDARRA


Juan Mari Larrañaga arrasatearra Kooperatibismoa XXI. mendean gaiaz aritu zen ortziral ilunabarrean Erratzuko lixutegian. 
Harat hurbildutako 25 lagunek solasaldi mamitsu eta dinamikoaz gozatzeko aukera izan zuten. Hasteko, Larrañagak, baieztapen sendo bat bota zuen: inor ez da etorriko gure arazoak konpontzera. Ez baditugu guk konpontzen, ez ditu inork konponduko.
Horrela eta ideia nagusi horretatik kooperatibismoa XIX. mendearen erdialdean sortu zela jakinarazi zuen, Britainia Handian izan zen hori, mundu akademikotik kanpo langileen ekimenez beren beharrak estuturik eta horiei aterabidea emateko. Geroztik kooperatibek bilakaera handia izan dute baina azpimarratu zuen moduan, kooperatibak elkarlanean oinarritzen dira eta oinarrian dituzten balioak: ardura, demokrazia, berdintasuna, ekitatea eta elkartasuna dira. Beraz balio sakon eta indartsuek hauspotzen dituzte kooperatibak. Balio horiek gabe, neketan abiatzen ahalko da horrelakorik
Modu horretan krisi garai honetan amets kolektiboek duten indarra aipatu zuen, beharrezkoa dela amets kolektiboak antolatzea eta horiek aitzinerat eramatea. Hala, kooperatibismoa ez da enpresa zahatzaren barrurako antolamendu hutsa, herria bera antolatzeko modua baizik. Herrigintzan aritzeko balioa eta modua ere bada.
Solasaldia bezperan Elizondon egin zen Otxandioko Herri ola tokiko garapen egitasmoaren mintzaldiaren segidan dator. Horrela bi egunez 50 lagun inguruk eredu sozioekonomiko alternatiboen inguruko saioetan parte hartu dute Baztanen.