NOBELA BELTZAREN OSAGAIAK ERABILIZ GOI-SUKALDARITZAREN BARRENKIETAZ ARITU DA JON ALONSO

Jon Alonso iruindar idazleak orain gutti argitaratu duen Zintzoen saldoan eleberria aurkeztu zuen atzo Elizondoko gaztetxean. Baztango irakurleen taldeak gonbidatuta, bere azkeneko nobelaren nondik norakoak aletu zituen, bereziki nabarmenduz akuilu izan duen goi-sukaldaritzaren munduari mozorroa kentzeko nahia eta beharra. Horrela, goi-sukaldaritzaren gibelean dauden interes ekonomikoak, botere harremanak, prekarietatea e.a. nobela beltz moduan eman ditu, generoari dagozkion tramak, hilketak, ihesaldiak e.a. osagai moduan erabiliz. Guztiarekin, oraingo bizimoduari buruzko gogoetak ez dira falta, modernitate berantiar honetan errekurrenteak diren etengabeko berrasmaketaezlekuak… begirada kritikoaren zetabetik pasatuz. Halaber, umore zorrotz eta gordinaren bidez bizi dugun errealitateaz irri egiten du, topikoak zafratu eta hainbat sinbolo kamustu. HorretarakoCammenbert Helburu liburutik Enekoitz Ramirez Lanbas pertsonaia berreskuratu du labanaren ahoan aldiro dantzan ari den pertsonaia funanbuleskoa.
Atzoko saioa aurtengo hirugarrena izan da eta, horrekin, laugarren sasoi honi akabaila eman zaio. Lau urte hauetan Baztango irakurleen taldeak gonbidatuta idazle saila hurbildu da Baztanerat, Jon Alonsorekin bat, bertan izan ditugunak: Ernesto Prat, Harkaitz Cano, Alberto Ladron Arana, Eider Rodriguez, Unai Elorriaga, Iñigo Aranbarri, Uxue Alberdi, Lander Garro, Eider Rodríguez, Garazi Kamio eta Miren Agur Meabe