Gaur asteazkena PLAZARA DANTZARA ekimenaren aurkezpena egin dute Arizkunenea kultur etxean. Talde honen helburua mutildantzetan emakumeen parte hartzea bultzatzea da, gainerako bertze esparru guzietan bezala.
Hitzez-hitz hauxe da azaldu dutena:
Dagoeneko urte andana pasa da
Baztango zenbait emakumek mutildantzetan
parte hartzeko erabakia hartu zutenetik. Urte kopuru bera, Baztango gizon andanak erabaki honekin bat egin zuenetik.
Izan ere, hondar hamarkadetan, emakumeek esparru ezberdinetan bide berriak landu
eta borrokatu ondoren partehartze maila
haunditzea lortu dute, eta, gisa honetan, Baztanen, zenbait ohitura eraldatuz
joan dira:
- Gaurko egunean neskattoek herriko mutikoekin batera jokatzen dute oilarra Orakunde egunean,
- Mutil gazteek herriko neskak lagun dituztela osatzen dute puxke biltzea IƱauteetan,
- Herriko emakumeen iritziak gizonezkoenen pare aditzen dira batzarretan,
- Sekula soldaduzka egin ez izan arren, ederki aski ibiltzen gara adin bereko gizon eta emakumeak Kinto besta egunetako parrandetan
Ohitura zaharrak denak eta ohitura zahar izanda ere, eraldatuak, berreraikiak, zaharberrituak eta denbora berrietara egokitutakoak. Nork nahiko luke ohitura hauetan emakumeek lekurik ez izatea? Nork ulertuko luke sexu generoa aitzakia hartuta emakumeak baztertzea? Nor ausartuko litzateke emakumeak besta hauetatik baztertzera?
Badakigu
badirela emakume izateagatik gurekin dantzatu nahi ez duten baztandarrak. Gure herri
ondare garrantzitsua diren mutildantzen alde lan egiteko nahiean indarrak batu
genitzazkeelakoan, haiekin solastera joan gara guretako batzuk. Beraiek berriz,
aitzaki ezberdinak tarteko, emakume izateagatik gurekin ez dutela talde hortan dantzatu
nahi salatu nahi dugu gaur eta hemen. Ez digute partaide izaten uzten,
tradizioa beraiek nahi bezala ulertzen ez dugulako.
“Aintzineko
belaunaldien modura dantza dadin” nahi omen dutela diote. Galdera xinple bat luzatzen diegu gaur: NOLA
da hori? Akaso pobreek espartiƱak jantzita eta aberatsek, berriz, bortzegi ta
ohial dotorez egindako arropez beztiak joanen dira? Alkatea emaztekia baldin
bada, tradizioari jarraiki, berak irekiko du dantza? Edo tradizio horrek ez du
garrantzirik? Edo, ederra litzatekeena, den denak euskaldun peto porrokatuak
izaki, gure hizkuntza zaharrean arituko dira ohitura zahar zale izaki? Zein da ba talde honen helburua? Guretako
argi dago: emakumeak baztertzea eta beraien ustez gizonezkoendako bakarrik den
eremu bat hortan mantentzea.
Aintzineko
mendeetan mutildantzak, bizitzako bertze gauza denak bezalaxe, aldatuz joan
dira doike, aintzineko mendeetan ondorioz, ez dago mutildantzetarako modu
bakarrik. Beraz… aintzineko denboretako
zein plaza, zein tenore, zein urte, zein mende duzue eredu? Tradizioz agoteei
ez zitzaien dantzatzen uzten… ez da tradizioa kubata baso batekin eta zigarroa
eskutan dantzatzea… tradizioz dantzak bukatu eta etxera erretiratzen ziren… ez
zen tradizioa emakumezkoak plazan egotea. Aitzineko mendean halere, emakumeak
plazan agertuz joan dira pixkanaka pixkanaka, eta plazan zeudela, dantza egiteko
gogoa zutenetan, zangoak mugituz, gorputza dantzatuz, jauzi eginez aritu dira.
Korroan
bat gehiago izan nahi horretan, begirada
zorrotzak, argi itzalketak, boikotak, dantzaldi saio paraleloak, korrotik
ateratzeak, ziztuak, txistularien isiltzeak, “putas”, “que mal bailan” eta
gisako irainak jasan ditugu. Hauek denak, argi eduki, hondarrak izan dira. Aitzinerakoan
horietako bakar bat ere ez dugu berriro onartuko. Eraso guztiak salatuko ditugula
ohartarazten dugu beraz.
Alta,
kokildu nahi izan bagaituzte ere, ez
dugu gibelat egin eta ez dugu gibelat
eginen. Gaur, gure herrietako plazetan gogoa dugun guztietan dantzatuko dugula
jakin arazten dugu, gustatzen zaigulako, nahi dugulako. Baztandar zein kanpotik
etorritako oro animatzen dugu, beldurrik gabe, alkeak atzenduta, naturaltasunez
joka dezala, Baztango herrietako plazetan libre sentitu dadila (daitekeela),
gizonezko zein emakumezkoa izan, dantzara, mutildantzara, ateratzea erabakitzen
duen unean, hantxe, bere ondoan, lagun bat izanen baitu, hantxe izanen baikara,
Baztango plazetan mutildantza jotzen duten guzietan.
Hona
bada DENENDAKO gonbitea: herrietako
besta sasoia hasi den honetan, herriz herri, plazaz plaza, goazen ongi
pasatzera, goazen aske izatera, goazen PLAZARA, goazen DANTZARA.
Baztanen, 2013ko ekainaren
5a
Plazara Dantzara
herri ekimena