Zugarramurdiko sorginek
desagerrarazi al zuten Elizondoko plazako kioskoa? Baztango arratsalde sargori
hartan, beroarekin lehertu, eta harriari gaitzen bat sartuta hondatu ote zen
pixkana? Urakanen batek eraman ote zuen gauez? Eta, hala bada, saiatu al dira
hura bilatzen ingurumarietan? Udal gobernua saiatu al da igarle jakintsuren
batekin egoten, kioskoa non ote den jakiteko? Gaztigatu al die Foruzaingoari
eta Guardia Zibilari nondik nora desagertu den kioskoa? Herritar batzuek diote
Belateko zeru gainean dirdira bitxiak ikusi zituztela, zortzi minutu bederen
iraun zutela eta orduantxe gertatu zela kontu izugarri hura, segur aski ere
objektu hegalari ezezagunen bat zela medio. Delako espazioko zer horiek eraman
ote zuten gure kioskoa, galaxian Baztan berria eratzeko? Eta, horrela
gertatu zelako hipotesirik baldin bada, armadarengana jo du inork horrelako
gertakizunez okupatzen den sailak iker dezan? Arraioa, badaki inork zer gertatu
den Elizondoko plazako kioskoarekin?
Gatozen epaile
kontuetara: Elizondoko Foruen plaza berritzeko ideien lehiaketan puntu gehien
atera zuenak (Lurra BZT, 72,85 puntu) kioskoa plazan uzteko asmoa agertu zuen,
baina beheraxeago ekarrita. Horretaz landara, platano arbola batzuk ere hor
uztea proposatu zuen, baita Baztango harri losak uztea ere, baina asentua
erabat hobetuta. Espedientean zetozenak “proiektuaren behin betiko txostenean”
kontuan hartzea komeni zela idatzi zuen udal arkitektoak.
Baina ailegatu zen zorigaitzeko
eguna, 2009ko abuztuaren 28a, eta lehiaketako epaimahaiak zera erabaki zuen:
ideien lehiaketan bigarrena gelditu zena hautatzea proiektua gauzatzeko (Billantzikotik
Zortzikora taldea, 69,24). Aldi horretan, 88,312 puntu eman zizkioten talde
horri, eta hari egokitu zioten lana. Kontua zer da: lehiaketako epaimahaiak ez
ziela bi kideri gaztigatu egun inportante horretan hor egoteko, baina han behar
zuten nahitaez proiektua baloratzeko gainerako kideekin batean. Halabeharra
izanen zen, inondik ere, falta zen horietako bat Euskal Herriko Arkitektoen
Elkargo Ofizialeko Nafarroako ordezkaria izatea eta bertzea Etxeak eta
Eraikinak Berritzeko Bulegokoa (ORVE) izatea. Zer zuen burutan hirigintza
zinegotziak 2009ko abuztuaren akabailan? Nork erabaki zuen epaimahaiko bi
arkitekto horiek ez zirela beharrezkoak arratsalde hartan? Horrelako hanka
sartzea ez zen bere hartan gelditu: Iruñeko Administrazio Auzietarako Epaitegian,
balio gabe utzi zuen 3. Salak Elizondoko plazaren proiektuaren esleipena (ikusi
Diario de Noticias 2013/07/21). Nolanahi den, ez dugu esperantzarik galdu: noiz
itzuliko digute guhauren kioskoa eta, ordainetan, noiz lekutuko dituzte,
behingoan, gasolindegiren batetik atera dituzten burdin zati horiek tokatzen
den tokira?
Javier Quintano Ibarrondo