Uda akitzen ari den hontan bestaz-besta ibiltzeko aukera
izan dugu eta hauetan emakumeen eskubideak urratuak izaten direla ikusteko ere
bai. Gauzak aldatzen ari badira ere bestak nekez dira parekideak. Denak
konforme gaude jarrera baztertzaileak gaitzetsi behar ditugula eta gertatzen
diren bidegabekeriak salatu. Etxean edo hurbil pasatzen zaigunean berriz,
zalantzak sortzen dira: erasotzaileak ezagunak direlakotz, matxismoa kulturan
eta norbanakoan errotua dugulakotz, presio soziala sobera handia egiten
zaigulakotz… eta ondorioz hau dena onartzea sobera zaila egiten zaigu.
Horregatik eraso anitz salatu gabe gelditzen dira, bazterketa bultzatzen da eta
indarkeria handitu. Ezin dugu horren konplizeak izan. Nik soirik ez dut nahi.
Hurbiletik bizitako egoera batek lerro hauek idatzerat
bulkatu nau. Baztango Mutildantzariak
taldea sortu eta bertze edozein talde bezala tratatu dute bai Baztandarren
Biltzarra taldeak nola Elizondoko herriko arduradunek.
Baztandarren Biltzarrak bestarako atera zuen aldizkarian
bere historian zehar izan diren gorabeherak eta gatazkak idatziak utzi nahi
izan ditu gerorako. Mutildantzen inguruan berriz egiten duen aipamen bakarra
neskek 1980. urtean lehen aldiz parte hartu zutela da. Ez du aipatzen
Baztandarren Biltzarrak Mutildantzak ez egitea erabaki zuen urtea, edo
hausnarketa baten ondotik bere programan berriz sartzea erabaki zuen urtea, plazarik
jendetsuena lortuz. Aurten mutildantzetan emakumearen parte-hartzearen alde egindako
testua aldizkaritik kanpo utzi dute, Baztango
Mutildantzariak talde diskriminatzailearen testu baten ondoan jartzea
onartu ez delakotz.
Elizondon berriz azkeneko urteetan hartutako erabaki
garrantzitsuen ondotik nire ustez atzerapauso bat egin du maila berean paratu
nahi izan dituelakoz Baztango
Mutildantzariak taldea eta Plazara
Dantzara herri ekimena. Bestetako programako aitzin solasean Plazara
Dantzara ekimenak ekarri duen jarrera eta gogoa eskertzen dute, baztertzaile
eta erasotzailea den talde horri eskertzen zaien modu berberean. Modu honetan diskriminazioari
zilegitasuna ematen zaio.
Mutildantzak plazako dantzak dira eta emakumeak
sartzeagatik batzuk ez dute dantzatu nahi. Aukera bat da, bere ondorioekin. Onartezina dena da
hori bulkatzen duen talde bat normaltasunez hartzea: mutildantza herrikoiekiko
boikotera animatzen duena, emakumeen parte-hartzearen kontrako kanpaina egiten
duena, eta dotrinamendua egiten duena. Talde baztertzailea da, ez ditu
emakumeak dantzan nahi. Hau da errealitatea!
Bidegabekerien eta eskubide urraketen aitzinean ezin da
neutrala izan.
Emakumeak Mutildantzetan
nahi ez izatea emakumeak baztertzearen alde egitea da.
Elurre Iriarte BaƱez