Larunbat goizean Erdiz Bizirikek eta EHNEk Elizondon
antolaturiko tokiko garapenaren eta inguruaren babesari buruzko arialdiak
herritar aunitzen interesa pizteaz gain, goi-mailako adituen eskutik gogoeta
interesgarriak plazaratu zituen.
Modu horretan, alde batetik Pablo Muñozek, Nafarroako Landa
Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio departamenduko Habitat saileko buruak,
ingurua zainduz tokiko garapena sustatzeko dauden babes aukera desberdinak
aipatu zituen. Horretarako Eremu Naturalaren Nafarroako Foru Legearen azterketa
egin zuen; hasteko, inguruaren kontserbazio hutserako dauden figurak aztertu
zituen eta, ondotik, tokiko garapena, biodibertsitatearen zaintza eta bertako
erakundeen parte hartzea ahalbidetzen duten aukerak aztertu zituen; horien
artean, bereziki, Parke Naturalen aukeran sakonduz. Parke naturalen helburua
balore naturalak sustatzea eta ohiko jarduerak garatzea dela erran zuen:
nekazaritza, basogintza, turismoa… Halaber parke bakoitzaren Baliabide
Naturalen Ordenazio Planaren bidez (PORN erdaraz) gainerako jarduerak arautzen
direla adierazi zuen. Nafarroako parke desberdinen inguruan aritu zen eta
kanpora begiratuta Asturiaseko Somiedoko kasua aipatu zuen, non parke naturalak
gainbehera etorritako ingurua biziberritzeko balio izan baituen.
Bertzalde Jakoba
Errekondo tokiko baliabideak eta garapena
gaiari buruz aritu zen. Jakoba Nekazaritza Ingieniari Teknikoa da, Paisajista
eta Zerain herriko garapen teknikaria. Zerainen orain hogeita hamar urte luze
abiaraziriko tokiko garapen egitasmoaren esperientzia dute; urratsez urrats,
etengabe aitzinerat eraman dutena. Kontzeptualki Paisaia kulturalaren ideia
garatu dute; hala, komunitate batek –kasu honetan zeraindarrek- egindako
paisaia oinarrizko ondare moduan hartuta, ondare hori alde batetik identitatea
eraikitzeko eta bertzetik etorkizunari aurre egiteko autoestimua emateko
baliabide gisa erabili dute. Horrela Zerain dezagun fundazioaren bidez lehen
sektorea eta turismoa elkar uztartuz eta biak elkar-eraginez bertako
baliabideak herri-ikuspegi iraunkor baten zerbitzurat aktibatu dituzte. Ildo horretan
Jakoba Errekondok, edozein herriren baliabiderik inportanteena jendeak direla
azpimarratu zuen. Modu berean zer ez den nahi garbi izatea arras garrantzitsua
dela adierazi zuen eta dena gure esku dagoela; gure buruetan konfidantza izan
behar dugula.
Solasaldien ondotik eztabaida emankorra izan zen eta denera
hiruretan hogei herritar inguru bertaratu ziren.