Atzo Baiona aldaketa
klimatikoaren aurkako ekimenen eta jendeen herrixkan bihurtu zen, alternatiben
herrixkan hain zuzen. Modu horretan, baztandar batzuk ere harat hurbildu ziren
Euskal Herrian eta kanpoan trantsizio ekologikoaren ikuspegitik egiten ari diren
iniziatiba desberdinak ezagutzeko. Eguneko ekitaldi guztiak ezin aipatu,
hortaz, eguerdian, Iñaki Angituedadek errandako moduan Hegoaldeko tenorean eta
atsaldean, Iparraldekoan Euskal Herriaren desafioak birmoldaketa ekologikoa,
elikadura burujabetza eta trantsizio energertikoaren aitzinean
mahai-inguruari buruz solas batzuk bertzerik ez ditugu eginen.
Hiruek bat egin zuten
krisiaren izaera sistemikoaz aritzerakoan, hau da, krisi ekonomiko-finatzieroaz
harago, sistema osoaren krisiaz ari garela
nabarmentzerakoan: energetikoa, klimatikoa e.a. Modu horretan, sistema
aldatu behar bada, nolabaiteko trantsizioa antolatu beharra dagoela ere aipatu
zuten. Horretarako, Iñaki Antiguedadek diagnostiko zorrotzak behar direla aipatu
zuen; horren gainean etorkizun posible bat irudikatu (ze lanpostu, sektore
produktibo…) eta horretarako ze bide-orri proposatzen dugun adostu. Iñaki
Antiguedadek ere ideien eztabaida azpimarratu zuen, iraunkortasuna, demokrazia
edo bertze edozeri buruz ari garelarik zeri buruz ari garen ongi zehaztea.
Joseba Azkarragak, bertzalde, trantsizio ordenatu baterako dauden zailtasunak
aletu zituen, orain artio mugimendu eraldatzailean egon diren hainbat
proposamenen kontradikzioak aipatuz: ongizate estatua adibidez, zeina neurri
batean hegoaldeko herrialdeen arpilatzean oinarritzen baiten. Betiere, Euskal
Herrian trantsizio klabean, nahiz batzuetan ohartu gabe, ari diren ekimenen
loraldia bizitzen ari garela aipatu zuen, herrigintza biziberritzen ari dela
tokiko esperientziak bulkatuz, komunitatea mobilizatuz, eraikuntza klabe
ofentsibo eta sortzailean. Modu horretan burujabetza kontzeptua bera aberasten
ari da, burujabetza politikotik harago energetikoa, elikagaiena… ere aipatuz
eta horretarako tokiko dinamikak piztuz. Halaber, ekimen horiei guztiei buruz
solastatzeko uneak eta guneak behar direla azpimarratu zuen.
Akitzeko Amaia Muñoa ELA
sindikatuko idazkari nagusi ordea aritu zen. Bere diskurtsoaren ELA
sindikatuari buruzko zati proselitista kenduta, sindikatuaren ingurumen sailak
ekologia trantsizio ekonomikoari buruz argitaratu duen Floren Marcellesiren
liburuaren hainbat ondorio aipatu zituen. Hala, trantsizio
ekonomiko-ekologikorako gizarte eta kultura aldaketa behar dela azpimarratu
zuen eta horretarako eztabaida demokratikoa ahalbidetu behar dela, parte
hartzea e.a. Bertzalde, lurraldeka eta sektoreka ere planifikazio parte
hartzailea egin behar dela edo epe luzeko behar bezalako politika publikoak eta
lanaren eta aberastasunaren banaketa behar direla; horretarako guttieneko eta
gehinezko soldatak finkatu behar dira, oinarrizko errenta unibertsala ezarri
eta zerga politika zuzenak.
Ezin aipatu gabe utzi
atsaldean Motive-es Okzitaniako Tolosako taldeak eskainitako kontzertu
ikaragarria. The Clash
taldearen Police and thieves kantaren bertsio zirraragarria eskaini
zuen.