AROZTEGIAKO PROIEKTU URBANISTIKOARI BURUZKO PRENTSA AGERRALDIA EGIN DU BAZTANGO UDALAK

Baztango udal gobernuko ordezkariak Lekarozko alkatearekin batera agerraldi batean Aroztegiakoibiolbideari buruz eta azken erabakiei buzuko berria eman dute prentsa agerraldi baten bidez. Hau da bertan errandakoa:


Gaurko prentsa agerraldi hau deitu dugu Aroztegiako proiektu urbanistikoaren inguruan izan diren azken berriak komunikabide zein herritarrei jakinarazteko.
Aroztegiakoa Lekarozen 40 hektareako lur sailaren birkalifikazioa, 252 etxebizitza, golf zelaia eta lau izarretako hotela egiteko proiektua zen. Aurreko legealdian Palacio de Aroztegia, S.L. enpresak, NaBai eta UPNren babesarekin, bideratu nahi izan zuen proiektua izan da. Lur hauen modifikazioa 2010. urtean egin zen. Hasieratik Lekarozko herritarrak herri galdeketa baten bitartez lur hauen birkalifikazioaren aurka agertu ziren. Bertzalde, modifikazio honen aurrean Aroztegia…eta gero zer? Plataformak helegitea jarri zuen.

Legealdi honen hasieran Udal Gobernu honek ikusi zuen proiektu honek ez zuela baztandarren interes orokorra helburu, eta 300 biztanleko herri batean 252 etxebizitza egiteak Baztango egitura guztiz hautsiko zuela. Bertze aldetik, aurkeztutako proiektuak akats gaindiezinak eta legearen kontrako planteamenduak zituen. Modu honetan, promotoreari jakinarazi zitzaion etxebizitzak alde batera utzita Udala prest zegoela erdibide bat bilatu eta hotela zein golfa onartzeko. Enpresak uko egin zion aukera honi. Udalak orduan, arduraz jokatu eta indemnizazioak saihesteko, proiektu hau araudira egokitzeko beharrezkoak ziren moldaketak egiteko eskatu zion enpresari, eta honek Udalaren eskaerei entzungor egiteaz gain, epaitegietarat jo zuen udalaren kontra.
Urriaren 10ean jakinarazi zitzaigun plataformak jarritako helegitearen sententzia atera zela; epaitegiak argi utzi zuen proiektu hau legez kontrakoa zela. Beraz, modifikazioa bertan behera gelditzen da eta birkalifikatutako lurrak hasierako egoerara itzuliko dira.
Hamaika oztopo gainditu behar izan ditu udal honek proiektu hau geldiarazteko eta legea betearazteko, eta hamaika modutan erran zion Nafarroako Gobernuari proiektu honek ez zuela araudia betetzen. Bai NaBaik aurreko legealdian Baztango Udaletik, bai UPNk Nafarroako Gobernutik, proiektu ilegal bat bultzatu zuten jakinda horrela zela.
Jakinarazi nahi dugu bai NaBaik eta baita UPNk ere, teknikoen kontrako txostenak izanik, aurrera jarraitu zutela egitasmo honekin legedia guztiz makurtuz, interes espekulatzaileekin bat eginez. Lan honetan bidelagun izan dituzte zenbait komunikabide, eta beraien sinesgarritasuna ere nahiko maingu gelditu da. Beren jokaera arduragabearen ondorioz diru publikotik, milioitako indemnizazioak ordaintzeko arriskuan jarri gaituzte herritar guztiak.
Zorionez, udal gobernu honek hainbat herritarren zein teknikoren laguntzarekin lortu du proiektu burugabe hau gelditzea. Horregatik eskertu nahi ditugu helburua lortzen lagundu gaituzten guztiak.