Azaroak 25 dela eta,
Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna, Nafarroako 77 tokiko
entitatek manifestu amankomun batekin bat egin dut. Ortziralean izandako
prentsa agerraldian Nafarroako bi alkateek irakurri dute manifestua, Lizarrako
alkate den Begoña Ganuzak eta Baztango Garbiñe Elizegik.Hauxe zioen hitzez
hitz:
Emakumeen kontrako indarkeriaren aitzinean,
Tokiko Politikak Berdintasunaren alde.
Berriz ere, azaroaren 25ean, Emakumeen
aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean, indarkeria honen kontrako
gaitzespena adierazi nahi dugu. Izan ere, Nazio Batuen Erakundeak onartu duenez,
giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketarik larrienetakoa da. Bertzalde,
oroitarazi nahi dugu gai honen inguruan indarrean dagoen araudi guztiek —nazioartekoak,
Europakoak, Estatukoak, Nafarroakoak zein udalekoak— ezarri bezala, indarkeria
mota hau errotik kentzeko emakumeen aurkako bereizkeria oro ezabatu behar dela.
Horretarako, emakumeen eskubideen babestea, emakumeen ahalmentzea erraztea eta
berdintasunaren sustapena indartzea ezinbertzekoa dira.
Gainera, bortizkeria modu hau lehentasunez
jorratu behar dugu eta onartu ez dela “berdinen arteko gatazka”, ez eta
emakumeen arazoa ere. Aitzitik, jendarte osoaren arazoa da eta, horregatik,
gizon-emakumeen esku hartze aktiboaren bidez konpondu beharrekoa.
Herri Administrazioa garen aldetik, erakunde
guztiok lan egin behar dugu eta indarkeria modu hau arlo guztietan behin
betikoz ezabatzeko badaezpadako neurriak eta arreta bideak gauzatzen segitzeko
bitartekoak paratu. Bertzalde, Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen
arteko Berdintasun Planak dioenez “tokiko
maila hiritarren bizitzatik eta ehundura ekonomiko-sozialetik hurbilen dagoena
da. Hortaz, maila honek interesetatik, beharretatik hurbilago dago eta
lurraldeak dituen baliabideak zuzenean erabiltzeko aukera ematen du eta gizonen
eta emakumeen aukera berdintasuna integratzeko esparrurik egokienetakoa da”.
Berdintasuna erdiesteko tokiko
estrategia horren barnean emakumeen aurkako indarkeria kasuen arreta eta
badaezpadako hainbat neurri sartu behar dira, erraterako, adin txikiko
emakumeen aurkako indarkeria kasuak, emakumeen menpe dauden bertze pertsonen
aurkakoak, orain Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKNeko) Etxeko eta
Genero Indarkeriaren kontrako Behatokian aipatu bezala.
Hortaz,
bat eginik, toki entitateok eta Familiarako eta Berdintasunerako Nafarroako Institutuak
honakoa adierazi nahi dugu:
· Gure
gaitzespena indarkeria sexistari, agerian dagoenari nahiz ikusten ez denari, eta
haren adierazpen guztiei.
· Gure
konpromisoa Herri Erakundetako, neurriak ezartzen jarraitzeko arlo guztietan
errotik ken dezagun eta, indarkeria jasaten duten emakumeek justizia zuzentzailea
izan dezaten.
· Gure elkartasuna erasoa pairatu duten emakumeekin
edota hildakoekin, muturreko indarkeria sexistaren biktima izan diren horiekin.
Gure babes osoa beraiendako eta beren familiendako.
Azkenik,
hiritar guztiei emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko jarrera, banakoarena
nahiz taldekoarena, eta indarkeria modu hori errotik kentzeko konpromisoa har
dezaten eskatu nahi diegu. Horretarako, bide batez, azaroaren 25aren inguruan
antolatuko diren jardueretan parte hartzera animatu nahi ditugu. Horrela gizarte
iraunkorra, gero eta demokratikoagoa, justuagoa eta berdintasunezkoagoa
erdiesteko bidean aitzina egiten segituko dugu.
2013ko
urriak 21