“EL BANQUETE” LIBURUAREN ELIZONDOKO AURKEZPENEAN CANEN DESAGERPENAZ ETA ESTATU ARRAZOIAZ MINTZATU ZIREN
Atzo iluntzean CANen
desagerpenez eta ebasketaz mintzo den “El banquete” liburua Elizondoko
Arizkunenean aurkeztu zuten. Patxi Urrutia amaiutarrak aurkezpena egin ondotik,
Patxi Zamora eta Alberto Gil liburuaren egileek – Arizt Intxusta ezin izan zen
etorri- hitza hartu zuten.
Patxi Zamorak liburua ez
dela CANen pasatu denaz bakarrik ari aipatu zuen, batez ere, azkeneko hamabortz
urte hauetan Nafarroan pasatu denaz baizik; Nafarroako elite politikoak diru
eta baliabide publikoak nola erabili dituen, hori dela liburuak funtsean
kontatzen duena. Halaber, azkeneko urteetan entzun ditugun dieten, oparien…
kontua izozmendiaren ertza bertzerik ez dela nabarmendu zuen, hori guztiaren
kostua ez dela 300.000 eurotarat ailegatzen; horren aldean, CANen desagerpena
bera, 1.300 milioi euroko balioa zuen kutxaren desagerpena dela egiazki axola
duena.
Egileek Elizondoko
aurkezpenean erran zutenaren arabera, CANen desagerpenak Estatu arrazoiari
erantzuten dio. Lizarra-Garazi garaian Estatuak, Euskal Kutxen balizko
bategitea saihesteko eta Euskal Banku Publiko baten balizko sorrera galerazteko,
zeina Euskal Herriaren batasunean tresna ekonomiko-finantziero handia izan
baitzitekeen, Estatuko aparatuetatik abiaturiko operazioa da eta, horrela,
Ricardo Martí-Fluxa, Aldo Olcese eta Alberto Alonso Ureba madrildarrak eszenan
agertzen dira; horiekin bat, Nafarroako konexioaren adar gisa Antonio Catalan,
Javier Taberna eta Enrique Goñi; eta horri guztiari babes politikoa emanez UPN.
Bertzalde, egileek aipatu
zutenez, liburua egiten ari ziren biztartean zelatatuak izan dira eta Barne
Ministerioak euren pausuak kontrolatzeko ikerketa bulego baten zerbitzuak
kontratatu ditu.
Alberto Gilek erran
zuenez, liburuaren helburuetako bat, 2015ean hauteskundeak etortzen direlarik
eta orain artiokoek berriz boterearen segituz gero, inork deus ez zekienek
erran ahal izatea galeraztea dela adierazi zuen. Halaber, akitzeko, publikotik,
ustel eta zerri guzti horiek lehenbailehen lekutuarazi behar direla erran
zuten.
Liburua aurtengo
eguberrietarako opari ezin hobeagoa da, ez galdu aukera!: el banquete