NAFARROAKO UBIDEA GELDITZEA ESKATUKO DU EHNEk MANIFESTAZIO BATEKIN

Heldu den larunbaterako EHNEk manifestazio deialdia egin du Nafarroako Ubidearen proiektuaren berehalako geldiaraztea eskatzeko lehen sektorearen etorkizuna kinka larrian uzten duelako, baita gizartea osoa zorpetu ere gisa honetako proiektuekin (AHT, Ciudad Agroalimentaria, Los Arcoseko zirkuitua,...). Manifestazioa abneduaren 21ean izanen da 11.30etan autobus geltoki zaharretik abiatua.
Hauxe dio prentsa oharrak hitzez-hitz:

EHNEk Nafarroako Ubidearen hedapenaren geldiaraztea eskatu behar du, proiektu honek Nafarroa osoko nekazaritzan eta abeltzaintzan sekulako ondorio larriak eragiten baititu.
2014ko Aurrekontu Legearen aurreproiektuan, proiektu honekin zerikusia duten kontusailak 33 milioi €-taraino ailegatzen dira, hau da, datorren urteko Landa Garapen eta Ingurumen departamentuko gastuaren %30a. Hau bereziki larria da 2008. urtetik hona departamentu honi dagozkion aurrekontuak %70ean murriztu direla kontutan hartzen badugu. Eta dena porrot egin duen proiektu batentzat (1. Faseko azalera ureztagarriaren %40k ez darabil urik, eta %17k ez du ureztatze-azpiegiturarik ere bere lursailetan), gainera itzaleko bidesariaren formula ilunak 30 urtetarako hipotekatuta utziko gaitu.

Denok dakigu apustu honek eta gastuaren joera honek nekazari eta abeltzain nafar guztioi zer ekarri digun: abeltzaintza iraunkorrerako laguntzen kentzea, Mendialdeko Konpentsazio Ordainak ia %25 murriztea, CUMA-tarako laguntzen desagertzea, nekazaritza ingurumenerako diren laguntza talde guztian murrizketak, ustiategiak eraberritzeko laguntzetan murrizketak, bertako arrazendako direnetan, elkarteei ematen direnetan,... eta gehiago jarrai genezake.
Baina Nafarroako Gobernuaren proiektu izar honek, Hiri Agroalimentarioa, Los
Arcoseko Zirkuitua, Navarra Arena, AHT,... bezalako beste proiektu suntsitzaileekin batera, nekazari eta abeltzain gisa eragiten digu, baita herritar gisa ere. Proiektu guzti hauek beste politika ekintzaile eraginkorragoen abiatzea eragozten dute eta egungo gure oinarrizko eskubideen moztea dakarte, hezkuntzan, osasungintzan eta bestelako
jendarte politiketan gertatzen ari den bezala.
Datorren abenduaren 21ean, EHNEk manifestazio baten deialdia egiten du Iruñean, autobus geltoki zaharretik 11:30etan abiatuko delarik. Parte hartzera eta mezu hau zabaltzera animatzen zaitugu.