Ortziralean Elizondoko
Herriak Baztango Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategiari buruz solasteko
batzarra egin zuen. Aipatu txostena Baztango Udal Plan Orokorraren lehen zatia
da aitzineko urtetik Baztango Udala modu irekian egiten ari dena. Elizondoko
Batzarrean planak herriko hazkundea non barna aurrikusi duen aztertu zen. Modu
horretan, plan zaharraren jarraipen diren hedapenerako bi eremu handi
zehazturik daude: Antxitonearen gibeleko aldeko landak eta Erlategi inguruko
landak. Horiek lirateke Elizondo handitzekotan hazkundea ahalbidetuko duten
lurrak. Hala, Elizondoko sarreran dagoen 1. Banaketa Area –Datue ingurukoa-
urbanizagarri gisa kalifikatu beharrean erreserbarako lur moduan uztea erabaki
zen, Antxitonea eta Erlategiko gibeleko landekin aski izanen delakoan. Erabakia
Baztango Udalari jakinaraziko zaio egiten ari den Lurralde Okupazio Eredu eta
Estrategian kontuan hartu dezan. Plan berrian udalak lurraren zentzuko
kudeaketa bulkatzeko borondatearekin etxe hutsen erabilera lehenetsi nahi du,
zaharberritzeak bulkatuz. Ondotik etxe gehiago behar izatekotan bizitza kolektiboak
lehenesten ditu eta, aukera horien gibeletik familia bakarreko etxeen aukera.