"BIOMASA: KEZKA BATZUK ETA PROPOSAMEN BAT" IRITZI ARTIKULUA


Jon Elizetze Baztango Udaleko mendi, nekazaritza eta ingurugiro zinegotziak iritzi artikulua argitaratu du azken ttipi ttapan Biomasari buruzko zenbait gogoeta plazaratuz. Hauxe dio:


Azken aldian energiaren aferan Biomasari buruz gero eta gehiago aditzen ari gara. Hasteko, argipen bat: berez, biomasa, jatorri organikoko edozein erregairi buruz aritzeko erabiltzen da, baina gure inguruan biomasari buruz ari garelarik, normalki oihangintzako biomasaz ari gara egur­-loteak, ezpalak, eta azken aldian pelleta batez ere.
Bertzalde energiarena herritar gehienendako oharkabeko gaia da. Gehienetan azpiegitura komunitarioen bidez: instalakuntza elektrikoa, gasaren banaketa… Gure etxean argia, ur beroa, sua… izaten ditugu, gibelean dagoenaz sobera pentsatu gabe. Berdin gertatzen da lantegietan edo auto eta kamioien joan­etorrietan ere. Zerbitzuaren alde ordaindu beharrekoa ordaindu eta kitto. Herritar bezala ez dugu kezka gehiagorik izan.
Kontua hau da: energia bizitzako gauza guztietarako behar dugu eta sistema kapitalistak energiaren kontsumoa, gainerako gauzen kontsumoa bezala ikaragarri hazi du. Gainera energia kontsumo hori akituko diren gaietan oinarritu du: petrolioa, gasa…
Baina biomasak petrolioaren eta gasaren moduan mugak ditu. Oihan guztiak hamar urtez errausten baditugu, ondotik ez dugu gehiagorik izanen. Hortaz, gure oihanek hamarnaka urteetan zenbat biomasa eman dezaketen kalkulatu beharra dago eta horren arabera ustiatu. Sinplea eta zentzuzkoa, ezta? Haatik, merkatu ekonomian energiarena eta biomasarena negozio iturria da eta negozio eta negozio artean, ikaragarriko aldea dago.
Hortaz, biomasarenenean ere, herritarren eta ondotik etorriko direnen alde egiteko erabakiak hartu behar dira, zer bai eta zer ez.
Horiek erranik gure proposamena: udalek beren mendietako biomasa gaitasuna ongi kalkulatu behar dute –Baztanek egin hurren du­ eta, ondotik, biomasa horren tratamendua lantegi publikoen bidez edo eskualdeko enpresa  ttikien bidez egin behar da, bazterrak xehatuko dituzten enpresa monopolistiko handiak saihestuz. Hala, partikularren eskuetan gelditzen dena: ongi egindako kalkuluen araberako oihan­lanak eta biomasa galdara eta teknologiekin zer ikusia dutenak. Energia sektore estrategikoa da, eta administrazio publikoak horren kontrola egin behar du. Horrela, eskualdeko udalen inbertsio ahalmena ikusita, eskualde mailako biomasa lantegia bulkatu beharko litzateke. Ez utzi azeririk oilategian sartzen!