EHBILDUk DIO NAFARROAN ALDAKETA DESBERDINEN ARTEKO AKORDIOTIK ETORRIKO DELA

Atzoko atsalde apalean Aitor Etxarri eta Xabier Zabalo EH Bilduko kideek Nafarroako egoerari buruzko solasaldia eman zuten Elizondoko Arizkunenean. Karteletan Miren Aranoa eta Asun Fernandez de Garaialde parlamentariak iragarriak bazeuden ere parlamentuko plenoarengatik azken orduko aldaketa hau izan zen. Hala, denera 18 lagun elkartu ziren mintzaldian Nafarroako azken urteetako balantzea egin zuten, bereziki azpimarratuz PSNek erregimena iraunarazteko izan duen ardura. Horrela, 2007ko jokaldia aipatu zuten, ondotik alderdi honek UPNrekin egindako gobernu akordioa edo azken aldiko gertakariak. Aldaketarako aukera argiak daudela aipatu zuten, horren adibidea azkeneko aste hauetan EH Bilduk Nafarroa osoan eman dituen 50 solasaldiak eta solasaldi horietan Nafarroako erdialdean bereziki sumatu duten haserrea. EH Bildu oposizioko lehendabiziko indarra izanik ardura berezia du aldaketa bulkatzeko tenorean eta, ildo horretan, garbi du aldaketa desberdinen arteko akordiotik etorriko dela eta, beharrezkoa dela eragile sozial eta sindikalekin harremanak estutzea eta kalean ere aldaketa bulkatu eta eraikitzea.