GARBIÑE UBEDA ETA DESAGERTUTAKO AITATXIREN BILAKETA.


Garbiñe Ubeda idazle tolosarrak Hobe ixilik eleberria Amaiurko Gaztelu elkartean aurkeztu zuen atzo ilunabarrean. Idazleekin solasean ekimenak antolatutako saioan, Ubedak, mahaiaren bueltan, zerbait jan­edan bidenabar, bere lehen eleberriko gakoak aletu zituen. Espainiako gerra ondoan desagertutako aitatxi anarkistaren bilaketa. Atzoko solasaldian aitortu zuenez, bizipen pertsonaletik dexente duen kontaketan, aitatxiren desagerpenak familian sortu duen ixiltasun mingarria, bilaketa horren akuilu da. Alta, bilaketak, desagertutakoaren irudia bizitzaren bihurguneekin desegin eta berreraikitzen du. Bihurgune horiek hainbat galdemodu pausatzeko abagune dira: konpromisoa (zeri?), aldatzeko aukera/eskubidea, iragana mugitu nahi ez izatearena, pilatutako minarekin zer egin… Aldika hobe da ixilik gelditzea.
Idazleekin solasean ekimenak aurtengoa, gaurgero, bosgarren sasoia du eta Garbiñe Ubeda ikasturteko bigarren idazlea izan da; aitzinekoan, Mikel Tabernak Alkasoroko Benta Anizen aurkeztu zuen. Hirugarren saiorako nor gonbidatuko duten ondoko asteetan erabakiko dute.