Eguraldi hitsari kontra eginez Elizondon
egindako Baztango gazte eguna belaunaldi berrien sormen, kezka eta
antolakuntzaren isla ederra izan zen. Goizean goizetik gaitari talde kozkorrak
larunbata goizeko loa aprobetxatuz zebiltzan herritarrak izorratu,
iratzarri eta jeikiarazi ondotik, karrikak inarrosi eta euri-goibelak instant
batez guttienez geldiarazi zituen. Geroxeago, gaztetxearen pareko gorapean break
dance erakustaldi ikusgarria izan zen. Disko jartzailearen musika oinarri
mestizatuen erritmo markuetiekin jostatuz, gorputza modu pentsaezinean
dantzaraziz eta koreografia onirikoak eraikiz bertaratutakoak zur eta lur
gelditu ziren.
Goizekoari buruz pena bakarra grafitti
erakustaldia egitera etortzekoak zirenak, azkenean, abdukzio bat tarteko,
Esne-bidean galdu eta ezin izan zirela bertaratu. Lerro hauek idazteko tenorean
ez genekien nonbait agertu ote ziren edo transustantziatu ote ziren. Ordurako
garagardo urrupaldiak gibelerako bidea egiten ari ziren eta gibeletik odol
sisteman barna buruko muinetara. Alta, egunaren hasiera bertzerik ez, eta Gure
esku dago ekimenaren aurkezpenerako oraino fresko, gaztetxean jende mukurua
bildu eta erabakitze eskubideari buruz abiatu den herri ekimenaren berri izan zuten. Momentua bideo ttipi bat grabatzeko baliatu zuten, pentsa zitekeenaren
kontra, publiko guztiak ikusi ahal izateko moduko bideoa izanen da.
Bizkitartean material kontraiformatiboekin eta Baztango borroka sozialetako
gauzekin postuttoa muntatu zuten. Segidan bazkariaren tenorea etorri zen,
zeinean 100 lagunetik goiti elkartu baitziren. Goizean barna sukaldari txanoekin
Baztandarren Biltzarreko egoitzan bazkaria prestatzeko itxurak egin bazituzten
ere, iduriz, bazkaria kooperatibatik ekarri zuten: luzerna fardoak. Modu
horretan jendea piztiaturik, urdaila bero eta inspirazioa tragoka Eztanda
batukadarekin Elizondoko karriketan barna abiatu ziren.