HIRU ANTZEZLANA IRURITAN

Ama izateko ametsa betetzeke duten Txaroren, Mertxeren eta Angelaren istorioa kontatzen du antzezlanak. Hirurek batera ikasi zuten ursulinetan eta garai hartan beti batera ibiltzen ziren. Urteak pasatu dira eta azken hiru hamarkadetan bakoitzak bere bizimodua egin du, elkar ikusi gabe. 50 urte betetzekotan daudela, berriz elkartu dira, eta, zituzten ametsetako aunitz bete badituzte ere, handienetako bat betetzeko dute: ama izatea. Horretarako dituzten aukerak elkarrekin aztertu eta lagun diezaiekeen gizona topatuko dute: Joxerramon mutil gaztea.
Hainbat egoera komiko sortuko dira lau pertsonaien artean, baina irriak eraginen dituzten bizipen horien gibelean egongo da gogoetarako lekua: amatasunaz eta laguntasunaz hitz egiteaz gain, familia benetan zer den aztertzen eta zalantzan jartzen du obrak. Izan ere, ohiko egiturako familia estereotipatuek ez ezik, proiektu komunak banatzen dituzten pertsonek ere familia bat osa dezaketela defendatzen du Hiru antzezlanak.