“TOKIKO GARAPENA KOMUNIKAZIO ETA KULTURA ALDAKETA PROZESUA DA”

Gipuzkoako foru diputazioak antolaturik lurralde garapenari buruzko saioa egin zen atzo Irungo Ficoban. Euskal Herriko, Argentinako eta Norvegiako adituek hainbat esperientzien berri eman eta tokiko garapenerako arazo, aukera eta erronken inguruan mintzatu ziren. Baztandik ere hainbat lagun joan ginen, bailaran tokiko garapenari buruz ematen ari den eztabaidarako bertze lekuetako esperientzietatik ikasteko.

Lerro hauetan goiz osoa laburtzea ezinezkoa bada ere, ideia nagusi batzuk agertzen saiatuko gara. Hasteko, Ainara Basurko Bizkaiko Lea-Artibaiko Azaro fundazioko eta Garapen Agentziako zuzendariak eta Deustuko irakasleak bertako esperientziaren berri eman zuen. Bertan, tokiko garapenerako bulkaldia 1970. hamarraldian hasi zela aipatu zuen eta aldi desberdinak bizi izan direla. Oraingo momentuari buruz eskualdeko eragile pribatuek Azaro fundazioa sortu zutela aipatu zuen eta publikoek Garapen Agentzia. Hala, bikoiztasunik ez sortzeko eta elkarlana sustatzeko elkarrekin ari direla aipatu zuen. Prozesu honetan lanbide heziketa ikastetxeak izan duen aitzindaritza aipatu zuen eta, baita, tokiko erakunde publikoak ikusle jarreratik eragile izateko emandako pausua ere. Horrelako prozesuen epe luzeko izaera azpimarratu zuen eta beharrezkoa dela denboraren kudeaketa txukuna egitea goraldiak eta apalaldiak kontuan hartuz.

Pablo Costamagna argentinarrak, bertzalde, Argentinako Rafaelako esperientziaren berri eman zuen. Costamagna, bertzeren artean, Argentinako Universidad Tecnológica Nacionaleko Lurralde Garapeneko Masterreko zuzendaria da. Honek ere proiektu hauen epe luzeko izaera azpimarratu zuen eta, ohartarazi, lurralde garapena, garapen ekonomikoaren zati bat bertzerik ez dela, zeina, neurri makroengatik bereziki baldintzaturik baitagoen. Hala, lurralde garapena eta horren baitan, tokiko garapena, testuinguru orokor batean dagoen esku hartzeko eremu zehatza bertzerik ez da. Hori erranik, beharrezkoa da makroekonomian bertze eredu ekonomikoen alde eragin eta borrokatzea. Rafaelako kasuari buruz aitzindaritza administrazio publikoak hartu zuela aipatu zuen, kasu honetan bereziki azpimarratuz prozesu politikoek eta formazio prozesuek lurralde gaitasunaren eraikuntzan duten garrantzia. Errezeta majikorik ez dagoela behin eta berriz erran zuen eta formatzea eta gogoeta egitea ezinbertzekoa dela. Politikaz eztabaidatzearen garrantzia ere aipatu zuen eta eztabaidarako guneak eta uneak sortu behar direla. Modu horretan, elkarrekin, ibilian ibiliz ikastearen garrantzia aipatu zuen eta informazioa eragileekin lantzearen beharra ere bai. Informazioaren eta edukien koelaborazioa nabarmendu zuen. Halaber, lurralde garepenerako konfidantzak duen balio handia azpimarratu zuen, baita prozesu ikuspegia barneraturik izatea. Bertzalde, lurraldea ulertuko duen jendea behar dela erran zuen, batzen eta erraztaile moduan jokatzen dakien jendea hain zuzen. Eta, horrelako jendea, lurraldean bertan formatzen da, gaitze informalean. Ildo horretan Rafaelan tokiko garapenean formatzeko institutua sortu zutela erran zuen lider pribatu eta publikoak formatu eta gogoetan elkarrekin egiteko, esperientziak elkartrukatzeko eta etorkizuneko egoerei aitzinatzeko. Costamagnak esaldi borobila bota zuen: tokiko garapena komunikazio eta kultura aldaketa prozesua da

Azkenik Mikaela Vasstrom mintzatu zen, Agder Research zentruko ikertzailea. Landa garapenaren inguruko gaietan lan egiten du, nagusiki gobernantzari, gizarte ikaskuntzari eta berrikuntzari lotutako gaietan. Norvegiako Agder eskualdeko esperientzia desberdinen berri eman zuen, bereziki bi herri ahozkaezinetasun zentratuz. Lehenean prozesuaren aitzindaritza administrazio publikoak hartu zuen. Erabakimenak eta proiektuaren kontrolak egitasmo berritzailea egitea ahalditetu zien elektronikak arte garaikide zentrua. Bertze esperientzia berriz, gainbehera etorritako herria zen. Bertako merkatariek, merkatalgune handien aitzinean herrigunea biziberritzeko, ekimen pribatutik abiaraziriko egitasmoa bulkatu zuen. Kasu honetan adostasunak eraikitzea denbora eskatzen du baina, balio positibo moduan parte hartzaile guztiak protagonista sentitzen direla aipatu zuen. Esperimentatzearen garrantzia ere aipatu zuen eta tokiko garepenean  ikuspegi aldaketa gertatzen ari dela. Orain artio sektore desberdinek hartzen zuten garrantzia, orain arretagunea lurraldean finkatzen ari da eta, dinamikak, hortik pizten dira. Estrategia berriak kulturaren kontzeptu zabalean oinarritzen dira, hortik abiatuta jarduera ekonomikoak sustatu eta ongi bizitzeko kalitatezko inguruneak sortzeko. Halaber, desadostasunak sorkuntzarako eta ikuspegi berrietarako uneak izan daitezkeela aipatu zuen.


Ondotik, mahai-inguru interesgarria egin zuten: komunikazio patroi desberdin bat lortzeko eginahala, parte hartzeareriko dauden aurreritziak, aurrikuspenen elkarganatzea, proiktuen “gu” sortzeaz eta elkarlanerako espazioak irekitzeaz.