Errenta aitorpena egiteko garaia aprobetxatuz, Baztango Euskalgintza banketxeetan kanpaina bat egiten ari da. Kanpaina horren lehen zatian, bilkurak egiten ari dira Baztango sei enitate finantzieroetako zuzendariekin. Bilkura hauen helburua, hizkuntza paisaiaren euskararen normalizazioan pausuak eman ditzaten eskatzea da; hala nola, paretetako kartelak, errotuluak, eskuorriak… euskaraz ere jarriz. Horrez gain, bezeroekiko idatzizko harremanak ere euskaraz izateko aukera eskaintzeko eskatu zaie. Oro har zuzendarien harrera ona izan da eta seitik bortz prest agertu dira kanpainan parte hartzeko eta beren erakundean euskararen normalizazioan pausuak emateko.
Kanpainaren bigarren zatian, banketxeetako bezeroak beren entitatearekin dituzten idatzizko harremanak euskaraz izan daitezen eskatzera animatuko dira. Bertzeak bertze, etxera igortzen zaien dokumentazioa edo banketxean berean jasotzen dutena euskaraz egoteko eskatzera.