VENEZUELAKO MUGIMENDU BOLIBARIARREKO KIDEAK BAZTANEN IZAN DIRA.


Venezuelatik Euskal Herrirat etorritako elkartasun brigada Baztanen egon zen atzo. Mugimendu bolibariarreko hainbat kidez osatutako taldeak Amaiurko gaztelua bisitatu zuen eta Patxi Urrutiaren eskutik Amaiurko gertaeren garrantzi historiko eta politikoaren berri izan zuten. Venezolarrek Isaak Rekalde Amaiurko alkatearen agurra ere jaso zuten. Ondotik Elizondoko gaztetxean bazkari egin zuten eta bertan, Garbiñe Elizegi Baztango alkatearen agurra jaso zuten. Bazkarirat bailarako mugimendu desberdinetan dabiltzan herritar batzuk hurbildu ziren. Lehenago, goizeko 10:30etan EHEko ordezkariekin bilera egin zuten.

Azken hamalau urteetan Askapenak iraultza bolibariarrarekiko elkartasun brigadak antolatu ditu Venezuelarat; hala, aurtengoa lehendabiziko aldia da Venezuelatik Euskal Herrirat elkartasun brigada antolatzen dutena. Joan den ortziralaz geroztik Euskal Herriko txoko eta ekimen desberdinak ezagutzen ari dira. Horrela, Askapenaren eta Pakito Arriaran antolakundeen eskutik bi herrietako prozesuen arteko ezagutza eta elkartasuna sendotzeko aukera paregabea izaten ari da.