Atzo Iruñean elkarretaratzea egin zuten parlamentuaren aitzinean Nafarroako Gobernuak duen
hizkuntza politika salatzeko. Baztan-Bidasoako ordezkaritza han izan zen.
Hauxe da han irakurri zutena:
Hainbat
eragilek deialdia egin dugu gaur Iruñean berriz ere Nafarroako Gobernuak duen
hizkuntza politika salatzeko. Izan ere, 2012a bitartean eskasak izan dira
Nafarroako Gobernuak euskara normalizatzeko lanean ari diren proiektuei bideratu
dizkien diru-baliabideak. Guztiz
desegokiak diren estatus juridikoari eta jardun politikoari gehitu behar diegu
itotze ekonomikoa. Hori gutxi balitz, onartezina iruditzen zaigu 2013an nahiz
2014an gertatutakoa. Gobernuko aurrekontuetan agertzen diren arren, ez du euro
bakar bat ere banatu: herri ekimeneko euskaltegietako partida, udaletako
euskara zerbitzuen diru-laguntzak, “bertsolaritza irakaskuntzan” programa
bertan behera... ahaztu gabe azken bi urteetan euskarazko hedabideen laguntza
lerrorik agertu ere ez dela agertu.
Krisia
eta defizitaren aitzakia berriki asmatu badute ere, oso argi dugu erabaki
horien atzean Gobernuak euskaldunon aurka duen politika zital eta itotzailea
dagoela. Azken hilabeteotan ozenki salatu dugun bezala, Nafarroako Gobernuak
euskara eremu guztietatik desagerrarazi nahi duela errepikatu nahi dugu beste
behin.
2013an
inolako diru laguntzarik gabe gelditu gara
Nafarroako udalak eta mankomunitateak euskara zerbitzuetako plangintzak
garatzeko. Herri ekimeneko euskaltegiok 2012ko urritik ez dugu diru-laguntzarik
jaso Nafarroa osoan herritar helduei ematen diegun zerbitzuagatik; Nafarroako
Bertsozale Elkarteak ikastetxe askotan
aurrera eramaten duen “Bertsolaritza irakaskuntzan” programak ere joan den
urtean ez zuen Gobernuaren babes ekonomikorik izan. Gainera, proiektu guzti
horiei dagokienez, 2014rako aurreikuspena ere bera da, inolako diru-laguntzarik
ez jasotzea.
Beraz,
gaur Hezkuntza batzordean Euskabideako burua den Maximino Gomezek duen
agerraldia aprobetxatu nahi dugu eskaera zuzena egiteko: aurrekontuetan dauden
partidak lehenbailehen gauzatzeko. Hortik aurrera, ezinbestekoa da proiektu
hauei finantziazio iraunkorra eta duina ematea. Halaber, Legebiltzarreko talde
guztiei ere eskatu nahi diegu Gobernuari egoera bidera dezala premiatzeko.
Azkenik,
Nafarroan euskaldunontzako baldintza juridikoak, politikoak eta ekonomikoak
guztiz desegokiak diren arren, Gobernuak ezin izan du “herri gogoarekin”
bukatu. Eguneroko herritarrek erakusten dute euskaraz bizitzeko duten nahia,
eta, era berean, eragileok adierazi nahi dugu aurrera jarraituko dugula, sasi
guztien gainetik, euskararen normalizaziorako ezinbestekoak diren proiektuekin
hartuta dugun konpromisoa betetzen, euskaraz bizi nahi dugulako.