INOIZ BAINO BASERRITAR ETA AZIENDA BURU GEHIAGOK ERABILIKO DUTE AURTEN ERDIZ

Baztango udalak prentsa ohar baten bidez jakinarazi dunez, aurtengo denboraldian 106 nekazariek erabilko dute Erdiz. 550 azienda buru sartu zituzten joan den maiatzaren 31ean bazkalekurat.
Halaxe dio prentsa oharrak:
Lizartzuko, Belateko eta Erdizeko Baztango herri­bazkalekuen udako denboraldia duela gutxi hasi zen.
Urtero bezala Baztango herri­bazkalekuetako udako denboraldia maiatzaren 9an Lizartzun eta maiatzaren 31an Erdiz eta Belaten hasi ziren eta, azkeneko urte hauetako bideari jarraikiz Erdiz erabiliko duten baserritarren eta azienden kopuruak goiti egin du. Aurten 106 baserritarrek erabiliko dute Erdiz eta behi­buruak, 550 denera, Erdizen alatuko dituzte. Azken hamarkadetako datu hoberenak izan dira, iazko datuekin alderatuta 6 baserritar gehiago eta 50 behi buru gehiago.
Gainera, aurten, lau zezen sartu dituzte. Datuek, bertze behin, Erdizeko bazkalekuak nekazaritzarako duen balioa agerian uzten dute.
Erdizekoarekin batera Lizartzun eta Belaten ere udako denboraldia hasi berri dute; bazkaleku horiei buruz iazko datu bertsuak dira. Lehenengorat 18 baserritarrek beren aziendak eraman dituzte denera 60 behi, 85 behor eta 200 ardi buru. Bigarrenerat, Belaterat, 25 baserritarrek 215 behi buru eraman dituzte eta bi zezen sartu.
Herri­bazkalekuek Baztango ekonomian duten garrantzia ikusirik, Udalak, aurten ere, bazkalekuak hobetzeko erabiltzaileekin bilerak egin eta inguru horietan hainbat hobekuntza egin ditu. Modu horretan Erdizen Artesiagako korlerako bidea hormigoizatu da, korlean zahorra bota eta askak errepasatu dira. Hiru bazkalekuetan ongarri ekologikoa hedatu da.
Bertzalde, Belate erabiltzen duten baserritarrekin hala erabakirik Belateko zohikaztegiaren iskindegia berritu da, askak errepasatu dira eta sasitza kentzeko lanak ere egin dira. Hobekuntza lan horiek egiteko 15.000 € erabili dira.