BAZTANGO EZKER ABERTZALEAK ERREPRESIO EKONOMIKOA SALATU DU


Berriki 6 baztandarrek batzartze hutsagatik jaso duten 5.400 euroko isunekin poliziak egiten duen jazarpena salatu du. Halaxe adierazi dute hitzez-hitz:

Baztango Ezker Abertzaleak sei baztandarrek ekainaren akaberan jasotako 1.200 eta 600 euroko isunen berri eman nahi du (5.400 € denera) eta, bidenabar, isun hauek eta herritarrek jasaten duten errepresio ekonomikoa salatu.
Isunak Guardia Zibilak jarri ditu joan den irailan Herriraren kontrako operazioari buruz Elizondoko plazan egin zen batzarre informatiboarengatik. Bere garaian Herriraren kontrako polizia-operazio horrek Euskal Herriko eragile desberdinen eta herritarren erabateko gaitzespena izan zuen. Alta, operazioa herri honetan bizi dugun salbuespen egoeraren erakuslea izan zen eta sei baztandarrek jasotako isuna ere, horrela ulertu behar da.

Espainiako estatua bere tresnategi errepresibo guztia mantententzeaz gain, inboluzio demokratiko argian dago. Hala, aldikako sarekadekin eta epaiketa politikoekin, errepresio forma zuriagoak eta ixilekoagoak erabiltzen jarraitzen du; eta gure salaketaren kausa diren isun ekonomikoak horren adibide dira. Isun hauen helburua disidentzia politikoa mutuaraztea da, herritarrak ekonomikoki mugaraino estutzea eta edozein herri-erantzun desaktibatzea. Gainera, krisi ekonomiko garai hauetan,  isun ekonomikoek herritarrek eta langile klaseak bizi duten egoera larria handitzen dute.
Bertzalde bereziki azpimarratzekoa eta salatzekoa da isun hauek batzarre informatibo batengatik izan direla. Orain artio jakinarazi gabeko elkarretaratzeengatik horrelakoak ezagutuak genituen. Baina ez informazioa ematea helburu zuten batzarreengatik. Ezbairik gabe, errepresioa koxka bat gorago eraman nahi dute. Batzartzeko, adierazteko, informazioa emateko eskubidea ukatu eta jazartzen duen estatua da Espainiakoa. Estatu ez demokratikoa.
Gauzak horrela, momentu honetan aipatu isun ekonomikoak errekurriturik daude. Nolanahi ere, aurtengo udan baztandarrek jasaten dugun errepresio zuri hori salatzeko dinamikak eginen ditugu. Herritarren artean elkartasuna sustatu, arazoaren kontzientzia hartu eta herri erantzuna antolatzeko lanean jarraituko dugu.
Errepresiorik ez! Elkartasuna antolatu!