LANDER SANTAMARIAREN NEURRIZ KANPOKO KRITIKARI ERANTZUN DIO BAZTANGO UDALAK


Diario de Noticiasen Lander Santamariak asteazken hontan idatzitakoaren harira prentsa oharra kaleratu du Baztango udalak. Halaxen dio hitzez-hitz:

SINESTEZINEKO KEINUA

Udal honen baliabideak eta elkartasuna zalantzan paratzen duen artikulua publikatu du Diario de Noticias egunkariak, Lander Santamariak sinatua. Horren aitzinean adierazpen eta balorazio hauek egin nahi ditugu:

1)      Uztailaren 4an gertatutako uholdeetan udaletxearen eraikina urpean gelditu zen, erabiltzeko arazo larriekin uztailaren 7a astelehen arte. Astelehen horretan funtzionatzen hasi ahal izateko egokitu zen.
2)      Magnesitas de Navarra enpresaren ordezkariak mezu elektroniko bat igorri zuen udaletxeko helbide orokorrera uztailaren 4a ortziralean, arratsaldeko 17:13an, bere makinariaren laguntza eskaintzeko. Udaletxean zegoen egoerarengatik mezu hori ez zen uztailaren 8a artio ireki. Egun horretan berean alkatetzari mezu horren berri eman zitzaion eta uztailaren 9an erantzun zitzaion bere prestasuna eskertzen eta azaltzen makinekin egin beharreko lanak abiatuak zirela bertze baliabide batzuen bidez.

3)      Udal honek hasierako momentutik gau eta egun lan egin du Baztanera garbiketan eta erreskatean laguntzera etorri diren instituzio, enpresa eta jende guziarekin. Bistakoa denez, egoera batzuetan laguntza ondoko egunetan eman da eta bertze baliabide batzuen bidez. Kasu hauetan udalak eskerrak eman die prestasuna erakutsi dutenei eta azaldu die lan handiena egina zela eta falta zena espezializatutako enpresen kontratazio eta administrazioaren bidez eginen zirela.
4)      Lotsamangarria da eta ia erridikulua komunikabide batek gertaera batzuen errealitatea manipulatzen eta nahasten saiatzea eta hondamendi egoera bat erabili nahi izatea gobernu talde honen irudia kaltetzeko, noiz eta talde honek bere ahalmen guzien gainetik lan egin duenean Baztanek bere normaltasuna ahal bezain fite errekuperatu dezan. Emaitzak agerikoak dira. Bere asmatze edo akatsekin, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.
5)      Jendea auzolanean buru-belarri aritu den bitartean, interes politikoak eta pertsonalak alde batera utzita, tamalgarria da Lander Santamaria Baztanen egun hauetan sumatu den elkartasun eta gizatasun giroa nahasten aritzea.
6)      Akitzeko eskertu nahi ditugu egiazki modu positiboan erantzun duten pertsonak eta egoera honen aitzinean maila handiko erantzuna eman duten guziak.

Esker mila laguntzeagatik!

Baztango Udal Gobernua